Tolosako Katiuska antzerki taldekoek Uztaritzen aurkeztu dute “Zartapa” lana. Tolosa eta Uztaritzeren senidetzearen harira eskaini dute emanaldia. Ondoko lerroetan, Katiuska antzerki taldekoek idatzitako kronika duzue irakurgai:
Autoz ordu bete eskasera dago Uztaritze Tolosatik. Ezaguna da, ordea, Iparraldeko hiru probintzien eta Hegoaldeko lauen arteko muga. Elkarrengandik urruntzen gaituen ditxosozko lerroa. Bejondaiola beraz Tolosaren eta Uztaritzeren arteko senidetzeari. Herri ederra anai edo arreba moduan edukitzeko. Halaxe ziurtatu genuen Katiuska antzerki taldekook joan den maiatzaren 16an.
Martxoaren 21ean Tolosan ospatu zen Sormenetik ekimenaren baitan izan genuen Uztaritzeko jendearekin lehen kontaktua. Orduantxe jakin genuen Zortziko izeneko kultur elkartea zutela herrian. Bazkal ondorenerako jarria genuen geure “Zartapa!” antzezlana Uztaritzeko gaztetxean egiteko hitzordua.
Antzezlanaren egunean, hara iritsi ginenerako bazkari ederra zuten prest Zortziko elkarteko eta gaztetxeko jendeak. Haiek quicheak eta bizkotxak haiek! Lehen unetik sentiarazi gintuzten etxeko.
Jende mordoxka inguratu zen arratseko zortzi eta erdietarako gaztetxera. Bonberenean maiatzaren 3an estreinaldia eginda, Uztaritzekoa antzezlanaren bigarren taularatzea zen guretzat. Gustura geratu ginen egindako lanaz. Ikusleei ere gustatu omen zitzaien.
Ondoren izan genuen, pintxo eta garagardo artean, bertaratutakoekin lasai hitz egiteko aukera. Euskalkiak euskalki, antzezlana ongi ulertu zutela zioten gehienek, eta gu pozik. Ezagutzen zituzten tolosarren inguruan, iparraldean euskarak duen egoeraren inguruan… nahiko solas egin ostean, bertan utzi ziguten etxe batera erretiratu ginen lotara. Bai jende atsegina.
Guk egin dugu hurrengo hitzordua. San Joanetan hona hurbiltzeko gonbita luzatua dute jada. Aukera ederra, harremanak sortu, hitzorduak finkatu, eta bi herrien arteko elkartrukeak aurrera jarrai dezan.
Katiuska