Ikasturteko martxa hartuta, azaroaren 26an egingo du hurrengo saioa Galtzaundik sustatutako Irakurle Taldeak. Oraingoan, Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel idazleen Trikua esnatu da saiakera landuko da saioan, 19:00etatik aurrera
Gaur eta hemen emakume izatea eta euskaldun izatea bazterreko izateko bide dira oraindik. Prestigioaren, pribilegioen eta eskubideen banaketak osatzen duen jendarteko botere sarean jokoan daude euskararen normalizazioa eta genero berdintasuna. Biak dira menderakuntzaren alaba, eta, horregatik, biak dira indibidualki zein kolektiboki ahalduntzeko eta boteretzeko lekuak, zein jendarte berdinzale eta bizigarriago baten alde eragiteko guneak. Gainera, hizkuntza eta generoa gurutzatu egiten direla badakigu, hizkuntza hautuak genero eraikuntzatik igarotzen direla eta alderantziz. Horrenbestez, euskalgintzaren eta feminismoaren arteko gurutzaketa eta aliantzarako bidea arakatzen da liburu honetan.
Liburuari buruzko zenbait erreferentzia hemen.
Saiora joan ahal izateko izen-ematea
Hitzordua guztiz irekia bada ere, saioan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea. Horretarako, beheko formularioa bete behar da eta ondoren, emailez bidaliko dira saioan parte hartzeko jarraibideak. 10 pertsonako muga jarri da saioan eta Tolosaldean bizi diren herritarrek lehentasuna izango dute.