Euskaraldian sustatzen diren portaerak indartzen eta lantzen jarraitzeko ordua da. Horregatik azaroaren 22tik abenduaren 5era bitartean gauzatuko den, Haurren aurrean, helduok heldu ekimenaren aurkezpena egin da Tolosan. Eskualdeko ikastetxeek hartu dute parte aurkezpenean: Abaltzisketako Txalburu Eskola, Adunako Herri Eskola, Altzoko Imaz Bertsolaria Eskola, Alkizako Herri Eskola, Amezketako Zumadi Eskola, Anoetako Herri Ikastola, Ibarrako Uzturpe Ikastola, Irurako Ikastola, Lizartzako Herri Eskola, Tolosako Herrikide Kristau Eskola, Laskorain Ikastola eta Samaniego Herri Ikastetxea, Amasa-Villabonako Fleming Herri Eskola eta Zubimusu Ikastola, eta Zizurkilgo San Millan Eskola eta Pedro Mari Otaño Herri Eskolak.
Alkizako herri eskolako zuzendari Juan Carlos Alduntzinek eta Anoetako herri ikastolako irakasle Itziar Lozanok hartu dute hitza aurkezpenean. Egitasmoaren helburua, izenak dioen moduan, umeen aurrean euskal hiztunek elkarrekin euskaraz egitea da. Alduntzinek ondo adierazi duen moduan, “askotan esaten diegu umeei haien artean euskaraz egiteko, eta bitartean helduok gara gure hizkuntza ohiturak aldatzeko prest ez gaudenak.”
UEMAk eta Galtzaundik 2017an elkarlanean egindako Tolosaldeko herrietako hizkuntza erabileraren neurketaren datuak aztertuz gero, erantzundako lau haurretatik hiru ari ziren euskaraz eta helduetan berriz, lautik bi baino ez. Alduntzinek aipatu bezala, “oso albiste ona da belaunaldi gazteenak izatea euskara gehien dakitenak, eta gehien erabiltzen dutenak; baina helduok ezin gara erlaxatu. Euskaraz egiteko mezua haurrei zuzentzetik helduoi zuzentzera igarotzeko garaia ere iritsi zaigu. Euskaldunok euskaldunokin euskaraz egitea, hori arau sozial bilakatu behar dugu; izan ere, haurrek egiten dugunetik ikasten dute, eta ez esaten dugunetik”.
Ekimenean, hamabost egunez, helduek elkarrekin euskaraz egitea proposatzen da, umeen aurrean batez ere. Ekimenean parte hartzeko deia 0-12 urte bitarteko umeekin harreman estua duten guztiei bideratua dago: irakasle, eskola gaineko langile, zaintzaile, guraso, autobus gidari, haurren bila joaten direnak, baita eskola komunitatetik kanpora haurren inguruan ibiltzen diren guztiei ere. Lozanok aipatu du gakoa euskaraz dakigunon artean euskaraz egitea dela, “ausartenek izango baitute bi hizkuntzetako elkarrizketa praktikatzeko aukera”. Garrantzitsua euskal hiztunek elkarrekin euskaraz egitea dela ere azpimarratu du, haurrek eredua helduengan jar dezaten.
Informazio gehiago Telegram bidez
Ekimena martxan den bitartean, ekimenaren inguruko informazioa jasotzeko aukera egongo da. Informazioa jaso ahal izateko, telegram aplikazioko bilatzailean (App Store, Google play) “Haurren aurrea Tolosaldea” izeneko taldea bilatu eta bertara batu edo hemen klikatu.