Tolosaldeko euskaltegietan izena emateko epea ireki da

Aitzol Udal euskaltegiak eta Tolosaldeko AEK-k 2024/2025 ikasturtean eskualdean eskainiko diren euskara ikastaroak aurkeztu dituzte Asteasun. Ikasturte honetan eskualdeko hamar herritan izango da euskara ikasteko aukera: Alegian, Anoetan, Asteasun, Ibarran, Ikaztegietan, Iruran, Lizartzan, Tolosan, Villabonan eta Zizurkilen. Herrian bertan euskara ikasteko aukera izango ez dutenek ere, herritik gehienez 10 minutura izango dute euskara ikasteko aukera. Tolosaldeko AEKko kide Olatz Peñagarikanok animatu ditu denak euskara ikastera: “Tolosaldeko herritarrek euskara ikasteko aukera bertatik bertara izan dezaten nahi dugu, Eskualdean denok eroso bizi dezagun euskara, herriz herri eskolak ematen jarraituko dugu, ez dakitenek ikasten has daitezen eta pixka bat dakitenek ikasten jarrai dezaten”.

Euskara ikasteak baliagarri izan behar du Tolosaldean bizitzeko, balio behar du bertan ikasi edota lan egiteko, baita aisialdian jolasteko ere. Euskarak izan behar du harrera hizkuntza Tolosaldeko herrietan eta, halaber, herritarron solasaldietan lehen hizkuntza. Herritar ugari euskaldundu dira Tolosaldeko euskaltegietan, baina badira oraindik ere pausu hori eman ez dutenak, badira euskaltegietara inoiz gerturatu ez direnak, oraindik euskarara gerturatu ez direnak. Eskualdeko biztanleen %14 da erdalduna gaur egun, eta bereziki herritar horiei dei egiteko eta euskara ikastera animatzeko aprobetxatu dute euskaltegietako ordezkariek.

Herritar guztientzat egokitutako ikastaroak

A1 mailatik C2ra arteko ikastaroak eskainiko dituzte bi euskaltegiek, hau da, euskara oinarri oinarritik ikastetik hasi eta goi mailaraino lantzeko aukera izango da gure eskualdean. Aitzol Udal Euskaltegiko zuzendari Josebe Izagirrek azaldu duenez, “klaseak herrietan jasotzeko aukeraz gain, bertaratu ezin direnek autoikaskuntza bidez ikasteko aukera ere izango dute, ikasketa metodo ez-presentzialari esker”. Matrikulazio epea irekita dute bi euskaltegiek, irailaren 20ra arte.

16 urtetik gorako edonork eman lezake izena AEKn eta Aitzolen: kanpotik etorritakoek, euskaraz alfabetatu gabeek, jubilatu berriek, euskara hobetu nahi duten herritarrek, merkataritzako langileek, ostalaritzan dabiltzanek eta zenbait kolektibotakoek: Asuntzion klinikako langileek, Osakidetzakoek, epaitegikoek, udal langileek…

Bizitza hainbeste garestitu den honetan, ezin ahaztu dirulaguntzak aipatzea: Tolosaldeko udalek esfortzu handia egiten dute aipatutako ikastaroak diruz laguntzeko, beti ere udalek edota Jaurlaritzak jarritako baldintzak betez gero. Honetaz gain, agiri ofizial guztiek dute HABEk emandako dirulaguntza.

Udal ordezkariekin, euskara irakasleekin, euskara teknikariekin eta euskalgintzako eragileekin batera egin dute agerraldia Aitzolek eta AEK-k. Bi euskaltegiek, euren eskaintzak ere aipatu dituzte:

AITZOL UDAL EUSKALTEGIA

Aitzol Udal Euskaltegiaren izaera publikoa eta guztiontzat irekia azpimarratu du Josebe Izagirrek, eta Tolosako Udalak zerbitzu honi eusten egiten duen ahalegina eskertu. Izan ere, azken urteotan ikasturteko 200dik gora ikasleri beren euskararen bidean laguntzeko aukera izan dute, eta aurten ere zeregin horretan sakontzen jarraitu nahi dute udal euskaltegian. Maila eta beharren arabera, astean 10 ordu, 8, 6 eta 5 orduko aurrez aurreko moduluak eskaintzen dituzte goizean goiz hasi eta iluntzera arte Tolosan.

Aitzol Udal Euskaltegian konbentzituta daude euskarak ateak zabaltzen dituela eta geuk ere euskarari atea ireki behar diogula, euskaraz hitza hartuz. Kanpainaren aurtengo leloak hala dio: Euskaraz, hartu hitza!

Hizkuntz eskakizun agiri ofiziala lortu nahi duen edonor ere joan daiteke Aitzol Udal Euskaltegira, A1etik hasi eta C2 maila bitartean. Horretaz gain, erabileran indarra jartzeko asmoz, aurten ere mintzataldeak antolatuko dituzte B1etik gorako ikasleentzat. Talde hauetan herritarrek beren hizketako gaitasuna lantzeko aukera izango dute irakasle baten gidaritzapean.

Tolosako Aitzol Udal Euskaltegian matrikulaldia irailaren 1etik 20ra bitartean izango da, goizez 09:00-13:00 eta arratsaldez 16:00-19:30. Informazio gehiago nahi izanez gero.: Internetez aitzolue@tolosa.eus helbidean eta telefonoz 943 65 10 06 zenbakian.

 

TOLOSALDEKO AEK

AEK-n ere abian da matrikulazio-kanpaina. Euskal Herrian 100 euskaltegi baino gehiago ditu martxan AEKk, Helduen Euskalduntze eta Alfabetatzea bultzatzea helburu, eta tartean dira Tolosaldeko ikastaroak. Aurtengoan ere AEK-n

Tolosaldeko herritarrek euskaraz eroso bizitzeko herriz herri eskolak ematen jarraituko dute.  Horixe da, hain justu, aurtengo kanpainaren leloa AEKn: euskara eroso bizitzeko.

2024-2025 ikasturtean Tolosaldeko hainbat herritan eskainiko ditu AEKk euskara ikastaroak, besteak beste, Zizurkil, Villabonan eta Asteasun, Anoeta eta Iruran, Ikaztegietan eta Alegian, Ibarran eta Lizartzan.

Ikastaro horietan izena emateko aukera izango duzue irailaren 1etik 20ra, euskaltegiko telefono zenbakira deituz (943 59 17 04), edota andoain@aek.eus helbidera idatziz.

Patty Valencia euskaltegiko ikasleak ere hitz batzuk esan nahi izan ditu, berak euskaltegian izan duen esperientziaren inguruan. Bera Colombiarra da jaiotzez eta urtebete darama Asteasun euskara ikasten. “Nire irakasleak pazientzia asko du eta oso gustura ibili naiz euskara ikasten. Jendea euskaltegira animatu nahi dut, herriko jendarengara gerturatzeko aukera paregabea baita. Bertako jendeak euskaraz hitz bat egiten entzuten zaituenean esku zabalik jasotzen zaitu eta oso polita da”.

IKUSI TOLOSALDEKO ESKAINTZA