- COVID-19arekin zerikusia duten mezuen %56etan bermatu dute euskara Tolosako saltokiek beren erakusleihoetan.
- 2018ko azterketarekin alderatuz gero, 20 puntuko gorakada egon da saltokietako mezuetako euskararen presentzian.
- Saltoki txikiek, zerbitzuen alorrekoek eta ostalaritzakoek euskara gehiago darabilte saltoki edota kate handietakoek baino.
COVID-19ak Tolosako paisaia linguistikoan izandako eragina aztertu du Galtzaundi Euskara Taldeak. Osasun larrialdi egoeraren ondorioz, saltokiek mezu ugari jarri dituzte eta horregatik, Galtzaundik interesgarri ikusi du Tolosako paisaia linguistikoa aztertzea, saltokietako erakusleihoetako eta sare sozialetako mezuei erreparatuz.
Horretarako, maiatzaren 11, 12 eta 13an behatu dira saltokiak, ordura arte itxita egon diren saltoki txiki asko berriz ere martxan jarri diren lehen egunetan. Guztira 602 saltokitako erakusleihoak aztertu dira. Sare sozialetan berriz, 100 saltokiko lagina aztertu da, prospekzio bat ausaz aukeratuz eta saltokien tipologien bolumen portzentuala mantenduz.
Ondorio nagusiak
Argi geratu da COVID-19aren krisiak eragin nabarmena izan duela Tolosako paisaia linguistikoan. Tolosako saltokien %53k krisiaren ondorioz sortutako mezuren bat jarri dute euren erakusleihoetan (maiatzeko datuak direla kontuan hartuz). Erakusleiho digitalei dagokienez, sare sozialak martxan dituztenen %60k jarri dituzte COVID-19arekin lotutako mezuak.
Alderatzeko, 2018ko Neguko Merkealdietako Tolosako azterketan jasotakoaren arabera, Tolosako saltokien %20k hartu zuen parte merkealdietan; COVID-19aren ondorioz, %53k jarri dituzte oharrak kaleko erakusleihoetan. Argi dago beraz, osasun krisi egoeran jazotako uholdeak merkealdi sasoiak baino eragin bisual handiagoa izan duela.
Erakusleihoetan COVID-19arekin zerikusia duten mezuak jarri dituzte saltokien %56k bermatu dute euskararen presentzia (euskara hutsez, euskara lehenetsiz edo elebitara jarriz). Sare sozialetan berriz, saltokien %47k bermatu dute euskara euren argitalpenetan.
2018ko Euskara Tolosako Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzu Guneetan azterketaren arabera, ageriko idazkiak eta oharrak jarrita zituzten saltokietan euskararen presentzia %36koa zen. Orain egindako azterketaren emaitzekin konparatuz gero, COVID-19aren krisiaren ondorioz jarritako erakusleihoetako oharretan euskararen presentziak 20 puntuko gorakada izan du, mezuen erdietan baino gehiagotan euskara bermatuz. Beraz, azken urteetan martxan jarritako lanketa jarraituak fruituak utzi ditu eta behaketa honek ere berretsi ditu aurrerapauso horiek.
Saltokien tipologiaren araberako desberdintasunak
Desberdintasun nabarmenak ikusi dira saltokien tipologien arabera jarritako mezuetako hizkuntza trataeran. Lau multzotan banatu dira saltokiak azterketan: saltoki eta kate handiak, ostalaritzakoak, saltoki txikiak, eta zerbitzuak.
Saltoki txikiak dira erakusleihoetan euskararen presentzia gehien bermatu dutenak zerbitzuekin batera; biek ala biek, jarritako mezuen %59tan bermatu dute euskararen presentzia. Kontrara, erakusleihoetan euskararen presentzia bermatuz mezu gutxien jarri dituzten kate handietakoak dira: mezuen %32tan bermatu dute euskara. Bestalde, ostalaritzako mezuen erdietan izan du presentzia euskarak.
Sare sozialetan berriz, euskara bazterrean uzteko joera are nabarmenagoa izan dute saltoki handiek: egindako prospekzioan, saltoki handiek sare sozialetan COVID-19aren inguruan egindako argitalpen guztiak erdara hutseanizan dira. Hemen, ostalaritzaren alorreko saltokietan nabaritu da euskararen aldeko pauso bat aurrera; argitalpenen %68etan bermatu dute euskara. Zerbitzuen alorrekoek mezuen %57etan bermatu dute euskara eta saltoki txikiak, berriz, %49etan.
Etengabeko aldaketak eta mezuen uholdea
Azterketa egin zenean, saltokien %56 itxita zegoen eta uztaileko egoera ez da berdina. Horrela, COVID-19arekin lotutako geroz eta ohar eta kartel gehiago ikusten dira kaleetan. Horregatik, eta azterketak utzitako emaitzei jarraiki, neurri zuzentzaileak hartzea beharrezkoa da paisaia linguistikoa euskalduntzeko. Horretarako, Galtzaundi Euskara Taldea herriko merkatariekin egiten ari den bisita erronda baliatzen ari da.
Azkenik, egoera berri honek begi bistan utzi du etengabe saltokietan eragiten jarraitzearen beharra. Saltokien zein herritarren kontzientziazioan pausoak ematen jarraitu beharra dago, kanpaina puntualez gain, etengabeko lanketarekin jarraituz.