- Azken 37 urtetan erabilerak 23 puntu egin ditu gora.
- 2022ko neurketaren datua 1985tik erregistratutako altuena da eta 2019tik aurrera, gaztelaniaren aurretik kokatu da euskara.
- Paradigma aldaketa egon da belaunaldien erabileran: helduenek euskara gehien erabiltzetik, orain, adinean gazteenak dira euskaraz gehien egiten dutenak.
Hizkuntzen Erabileraren 2022ko Kale-Neurketaren emaitzak aurkeztu dituzte Galtzaundi Euskara Taldeak, Tolosako Udalak eta UEMAk. 1985. urtetik, urtero egiten da hizkuntzen erabileraren kale-neurketa Tolosan. 2022koan, 4.646 elkarrizketaren eta 6.317 hiztunen informazioa bildu da. Jasotako datuen bolumen handiak, fidagarritasun estatistikorako baldintzak bermatzea ahalbidetzen du.
Ondorio nagusiak
Euskararen kale-erabilera berrindartu egin da Tolosan azken 37 urtetan. 1985ean, %29koa zen eta 2022an, berriz, %52,5ekoa. Azken emaitza hau, gainera, neurketak egiten direnetik jasotako altuena da eta laugarren aldiz, eta jarraian gainera, euskararen kale erabilera gaztelaniarenaren gainetik erregistratu da.
Tolosan, 1981etik 2021era, euskaldunak biztanleen %50 izatetik % 70 izatera pasa dira. Horri begira, tolosarren ezagutzan egindako 20 puntuko igoeraren antzekoa da 1985etik 2022ra kale-erabilera neurketen arteko aldea.
Haurrak (%76) dira kalean euskara gehien erabiltzen dutenak. Ondoren gazteak (%67) daude, eta horiei jarraiki heldu-gazteak (%62), heldu-nagusiak (%38) eta adinekoak (%36). Bilakaera horretan azpimarratzeko da 45 urtetik gorakoen eta beherakoen artean dagoen aldea: 45 urtez azpikoek %67,5eko erabilera erregistratu dute, 45 urtez gainekoei %37ko erabilera neurtu zaien bitartean.
1985etik, belaunaldien arteko euskararen kale-erabileraren sailkapena erabat aldatu da. Gazteak erabileran azkenak izatetik bigarrenak izatera pasatu dira eta horrela, duela 37 urte adinean helduenak euskara gehiago erabiltzetik, orain, belaunaldi gazteenak dira gehien erabiltzen dutenak.
Erregistratutako lehen urteetan, igoera oso handia izan zuen haurren erabilerak, aldiz, azken urteetan igoz jarraitzen badu ere, apaldu egin da tendentzia hori. Gazteen erabilerak igoera nabarmena izan du 2014tik eta helduek hazkunde erritmo konstantean jarraitzen dute. Aipatzekoa da, azken urteetan, adinekoen erabileran beherakadak geldialdia izan duela 90eko hamarkadatik lehen aldiz, eta errekuperazio zantzuak ere nabari direla.
Haurren presentziak zeresan handia du euskararen kaleko erabileran. Erabilera daturik altuenak haurrak eta helduak batera daudenean, eta haurrak elkarrizketan parte hartzen duenean erregistratzen dira (%78). Baxuenak, berriz, nagusiak haurrak parean ez dituztenean jasotzen dira (%45). Azpimarratzekoa da nagusien kasuan, haurren presentzia soilak %70era igotzen duela erabilera.
Lorpen kolektiboa
Tolosako kale-neurketen emaitzen bilakaerak sekulako garrantzia du hizkuntzak kalean duen presentziaren analisia egiteko. Urtez urteko emaitzetatik haratago, eboluzioak egoeraren azterketa fidagarria egitea ahalbideratzen du. Hori horrela izanik, azken urteetako berrindartze honen atzean modu desberdinetara beren aletxoa jarri duten herritarren lana dago.
Lorpen kolektiboa da Tolosako kaleetan euskararen presentzia nabarmen areagotzea; euskararen aldeko urrats sendoak eman dituzten herriko talde, elkarte, ikastetxe, euskaltegi, komunikabide, erakunde, enpresa eta saltoki, mugimendu sozial, sortzaile zein norbanako eta euskaltzaleen lanaren fruitua da. Eta azken emaitzek argi erakusten dute lorpen horretan parte hartu duten eragile eta norbanako guztien aletxoa zein garrantzitsua izan den.
Euskararen kaleko nagusitasuna egonkortuta
2022ko Hizkuntzen Erabileraren Kale-Neurketak, azken urteetako neurketarekin batera, Tolosako kaleetako euskararen nagusitasuna baieztatzen du. Izan ere, neurketak urtero-urtero egiten dira Tolosan eta 2019tik aurrera, euskara da kalean gehien entzuten den hizkuntza. Urte horretan kokatu zen lehen aldiz euskara gaztelaniaren aurretik kale-neurketan, %49,1eko erabilerarekin, eta 2021ean gainditu zuen %50eko langa, %50,9ko erabilera erregistratuz. 2019tik aurrerako neurketa guztietan nagusitu da euskara. Beraz, argi esan daiteke emaitza anekdotikoak izan beharrean, euskararen erabilera indarberritze joera argian egonkortuta dagoela Tolosako kaleetan.