Aurtengo maiatzean, Tolosako hiru ikastetxeetako gurasoek pauso garrantzitsua eman zuten euskararen erabileran eragiteko asmoz: Guraso Eusle bilakatu ziren. Zehazki maiatzaren 8tik 26ra, hiru astez, euskarari eusteko jarrera hartu zuten dozenaka gurasok eta Galtzaundi Euskara Taldeak koordinatuta esperientzia arrakastatsua lortu zen.
Ikasturte berria martxan dela, egitasmoa errepikatzeko erabakia hartu du Tolosako Hezkuntzaren Euskara Mahaiak. Asmo horiekin bat eginez, Guraso Eusle ekimena errepikatuko da azaroan zehar. Azaroaren 13an hasi eta Euskararen Nazioarteko egunera bitarte, oraingoan ere hiru astez, Laskorain, Samaniego eta Herrikideko gurasoek euskararen aldeko urrats berriak emango dituzte.
Maiatzeko aldian, hasieran jarrita zeuden helburuak gainditu eta 84 gurasok hartu zuten parte ekimenean. Oraingoan ere, zifra hori gainditzeko apustua egin dugu ikastetxeek nahiz Galtzaundik eta momentuz, izen emateak emaitza ona erakusten dute. Gainera, pasa den Eusle kanpainan parte hartu zuten gurasoen %80ak, Eusle izateko asmoa erakutsi zuten hiru aste horien ondoren. Beraz, egitasmoaren helburu nagusia bete zela ikusi zen: euskaraz dakiten Tolosako gurasoak aktibatzea.
Hiru aste hauetan zehar maiatzeko formula berdinarekin jarraituko du egitasmoak. Egitasmoan izena eman duten gurasoek erronka honi ekiteko sortutako irudia izango duen txapa izango dute soinean eta horri esker identifikatu ahalko dira Eusleak. Txapa soinean dutela, gainerako gurasoekin izaten dituzten elkarrizketetan euskara erabiliko dute gurasoek.
Izan ere, Guraso Eusleena ingurua aktibatzeko ekintza aproposa dela baieztatu zuen maiatzeko saiakerak. 2016. urteko urrian, Galtzaundi Euskara Taldeak egindako Gurasoen Hizkuntza Erabileraren Neurketan ikusi zenaren arabera, ikastetxeetako irteera orduetan gurasoen erdiek, zehazki %52ak, gaztelerara jotzen zuten. Gurasoak haurrekin hizketan ari zirenean, ordea, %75ak euskaraz egiten zuen. Beraz, euskara gaitasuna handia dagoen bitartean, erabileraren datuak hobetzea posible da oraindik. Horri ekiteko asmotan dira hainbat eta hainbat guraso datozen asteetan.