2015eko martxoaren 21ean, azoka, euskara eta kultura uztartu dituen Sormenetik ekimena egin da Tolosan. Goizetik eguerdira arte luzatu da:
Tolosa eta Uztaritzeren arteko senidetzea dela-eta, 12 uztariztar etorri dira Tolosara eta, 10:00ak eta 11:00k artean, Tolosako azoka ezagutzeko tourra egin da. Azokaren historia ezagutzeko, baserritarrekin egoteko… aukera izan dute.
11:00etatik aurrera, hainbat ekimen egin dira Zerkausi azpiko Tolosaldeko Arraun Klubaren gunean:
– Jone Amonarrizek eta Unai Olaldek Lapikofest! jaialdia aurkeztu dute eta uztariztarrekin hizketaldia ere egin dute.
– Euskal kulturgintza ardatz, Katixa Perea, Joxi Ubeda eta Xabier Zeberio kultur sortzaileek Eñaut Elorrieta elkarrizketatu dute. Halaber, Eñaut Elorrietak akustikoan bost abesti jo du.
– Ahoz Aho jaialdiko Irantzu Mantxo, Imanol Arabaolaza, Amaia Arriaran eta May Gorostiagak euskarazko ipuinak kontatu dituzte.
– Azokako produktuak jateko eta edateko gunea ere egon da eta, bertan, besteak beste, Banaiz Bagara elkartearekin euskara praktikatzen ari diren hainbat herritar aritu dira jana eta edana banatzen.
Euskalgintzan, kulturgintzan eta azokaren bueltan lanean ari diren hainbat lagunek elkarlanean garatutako ekimena da ondokoa. Martxoaren 21ean Korrika Tolosatik pasa delako egun horretan eta Korrika Kulturalaren barruan egitea erabaki dute.
Helburuak, berriz, ezberdinak dira. Batetik, Tolosako kale erabilera neurketek adierazten dutenez, euskara indartsuen larunbateroko azokaren bueltan dago eta ekimen honen bitartez euskara indartsuen dagoen guneari hauspo berria eman asmo zaio. Bestetik, kultur espresio ezberdinak gune berean batu asmo dira, kultur hausnarketarako eta heziketarako gune bilakatu eta bateko eta besteko herritarrak eta kultur espresioak ezagutzera emateko. Lapikofest jaialdia ere aurkeztu da eta, horrenbestez, elkarlanean Tolosan egiten den ekimeneko antolatzaileek herritarren ekarpenak jasotzeko aukera izan dute. Azokaren bueltan eta azokako produktuak jateko eta edateko aukerarekin, azoka bera ere herritartu asmo da, belaunaldi berriak… azokara erakartzeko helburuarekin. Azkenik, bertaratutakoen arteko harremanak sortuz ekimen berrien inspirazio gune izateko helburua ere badu.
Finean, beraz, saretuz, azokak, euskarak eta kulturgintzak irabaztea dute helburu antolatzaileek.