Urteko lehen hiruhilekoa amaitzeko, poesia landuko du Galtzaundik sustatutako irakurle taldeak. Martxoaren 26an izango da hitzordua, 18:00etan, Tolosako Kultur Etxean eta Saforen poesia biltzen duen Safo: poesia guztia olerki bilduma izango da jorratuko den irakurgaia. Ohiko moduan Yurre Ugartek dinamizatuko du saioa eta hitzorduan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea.
Maitasuna kolore askotakoa dela erakusten dute, beste gauza askoren artean, Saforen poemek, eta haren presentzia nabarmena da olerki guztietan. Saforen poesia ulertzeko, beraz, behar-beharrezkoa da maitasuna bere zentzurik zabalenean ulertzeko prest egotea, Safok berak maitasuna iruditzen duela onartzeraino. Dena den, komeni da ez ahaztea bertso lerro haietatik gaur egunera ia-ia hiru mila urte igaro direla, eta gogoan izan behar da haren hitzak ezin ditugula inola ere gure begiekin neurtu. Emakume batek konposaturiko poemak emakume izate hutsagatik beste ikuspegi batetik neurtzeari uzten diogunean, orduantxe iritsiko gara poesiaren edertasunaz benetan gozatzera. Olerkien edukia eta erritmoa egilearen generoari erreparatu gabe eta horrek berarekin dakartzan konnotazioak erabat baztertuz arnastea, horixe da poesiaren zinezko kutsua.
Liburuari buruzko zenbait erreferentzia hemen.
Saiora joan ahal izateko izen-ematea
Hitzordua guztiz irekia bada ere, saioan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea. Horretarako, beheko formularioa bete behar da eta ondoren, emailez bidaliko dira saioan parte hartzeko jarraibideak.