Fleur Jaeggy idazle suitzarraren Proleterka eleberria landuko du Galtzaundiren irakurle taldeak azaroko saioan. Miren Iriartek eta Fernando Reyk itzuli dute liburua euskarara eta egindakoa aztertzeko hitzordua, azaroaren 20an, osteguna, izango da Tolosako Kultur Etxean, 19:00etatik aurrera. Saioa Yurre Ugartek dinamizatuko du eta parte hartzea guztiz irekia da.
Liburuari buruzko zenbait erreferentzia hemen.Proleterka nobela labur eta bitxi honetan, kontalariak oso dosi txikietan aletzen du nerabezaroan egindako itsas bidaia bat, oroimenak lausotzen hasteko aski denbora izan duenean, berrogeita hamar urte beteta hain zuzen.
Nabarmena da liburuan, lehen lerrotik hasita, heriotzak, eta bereziki suizidioak, hartzen duten nagusitasuna. Hala ere, zalapartarik gabe aipatzen dira, espanturik gabe.
Bidaia iniziatiko baten narrazioa ere bada Proleterka, itsasontzian doan neskaren lehen sexu-esperientziak azalduko dizkiguna, ontzi zarpail samar bateko kamaroteko giro itogarrian eta modu bortitz samarrean gauzatuak.
Eros eta Thanatos, beraz: eroen ontzia bere nora ezean daramaten bi arraunak. Horretara murrizten du emakume narratzaileak bizitza. Ez dago aitaren bilaketarik, ez aita hil beharrik: bizia berez doa, eroen itsasontzia bailitzan, portu batetik bestera, geldialdi laburrak eginez han eta hemen, azken portura iritsi arte.
Fleur Jaeggy
Fleur Jaeggy (Zürich, 1940). Italieraz idazten duen idazle suitzarra. Zenbait liburu ditu idatziak, horien artean nabarmentzekoak: I Beati anni del castigo(Zigorraren urte ederrak) eta Proleterka (2001, Times Literary Supplementek nobela hoberenaren saria emana 2003an). Itzultzailea ere bada, eta Marcel Schwoben eta Thomas de Quinceyren obrak itzuli ditu italierara.