Urriako saioan Paco Rocak 2014an argitaratu zuen Zimurrak komikiaren inguruan hitz egiteko tartea egongo da irakurle taldean. Saioa 19:00etatik aurrera egingo da, Tolosako Kultur Etxean eta ohiko moduan, Yurre Ugartek dinamizatuko du taldeko dinamika. Hitzorduan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea.
Orain arte komikietan gutxi jorratutako gai kontuzkoak landu ditu Paco Rocak Zimurrak lanean, hala nola Alzheimer gaitza eta zahartzaroko dementzia; baita sentikortasun samurrez landu ere, tarteka umore ukituren batekin, baina sekula karikaturan erori gabe. Sinesgarri egiten da narrazioa, dokumentazio lan zorrotzaren ondorioz, besteak beste. Izan ere, Paco Rocak lagunen gurasoen eta adineko senitartekoen pasadizoak bildu zituen, eta zaharren egoitzetara joan zen hango bizimodua ezagutzearren.
Zimurrak albumak Komikiaren Sari Nazionala bereganatu zuen 2008. Urtean eta 58.000 ale baino gehiago saldu ditu; zinemarako egokitzapenak, berriz, bi Goya sari lortu zituen.