Duela 100 urte, 1922ko urtarrilaren 9an, Tolosako Euskal Ikastola zabaldu zuten Gorriti Plazan eta urteurrena ospatzeko omenaldia egin dute Tolosako pleno aretoan. Bertan izan dira, Tolosako Udaleko Euskara eta Hezkuntza ordezkari Xabier Balerdi, Euskararen Historia Soziala Tolosaldean Ikerketaren ikertzailea Haritz Azurmendi, Hezkuntzako Sailburu den Jokin Bildarratz, Euskal Irakaskuntzako ordezkaria Ane Urkiza, Galtzaundi Euskara Taldeko ordezkaria Maite Asensio, Tolosako hiru Hezkuntza Komunitateko ordezkariak; Herrikide Ikastetxetik Joseba Antxustegietxarte, Sanmaniego Herri Ikastetxe eta Orixe Hezkuntza Institutotik Silvia Mateo eta Laskorain Ikastolatik Elena Baraibar. Baita lehen ikastolako ikasle izan ziren, Mikel Garikano, Xabier Garikano, Julene Bastarrika eta Maria Dolores Leunda ere.
Euskel edo euskal ikastola, Tolosan euskara hutsean irakasten hasi zen lehen ikastola mixtoa izan zen. Salbuespena, Tolosan ez baitzegoen euskara hutsean erakusten zuen ikastetxerik. Garaiko mugimendu euskaltzalearen giroan sortu zen eta lehenengotarikoa izan zen, praktika aurrerakoiekin Euskal Herrian umeei euskaraz irakasten. Orain ezaguna den Montesori metodoa erabiltzen hasi baitziren garai artan.
Hasi eta gutxira etenaldi labur bat izan bazuen ere, Ikastolak 1922 eta 1936 artean iraun zuen, Maria Dolores Arbilla irakaslea gidari zuela. Haritz Azurmendik aipatu zuen moduan, “ Ikastola piskanaka hazten eta errekonozimendua hartzen joan zen. Denbora laburrean, lau umetik laurogeita hamar bat umetara pasa ziren eta bi irakasletik seira. Azkeneko irakasletako bat gainera lehen ikasle izan zen, beraz belaunaldi bateko zikloa pasa zuen ikastolak”.
Pizkunde garaia izan zen eta 60. hamarkadan pizkundea euskal jaiekin lotzen bazen ere, pizkunde horretan bazegoen erakundeen artean eusko ikaskuntza sustatzeko, hezkuntza arautzeko eta gida pedagogikoak eskaintzeko asmoa eta gogoa. Azurmendik aipatu zuen bezala, “Nazionalistek bazuten euskara gordetzeko intentzioa eta horren baitan euskarazko hezkuntzari ematen zieten garrantzia, euskal ikaskuntzaren batza ere sortu baitzuten. Euskarazko lehen ikastolak sortzeko saiakera gehiago ere egon ziren, ezagutzen den lehenengoa, Azkueren Bilboko ikastetxea izan zen eta urtebete iraun zuen. Bigarren saiakera berriz, Miguel Muñoa Bidaniarra izan zen eta 1914an Donostian jarri zuen ikastetxea. Gerora, ikastetxe handi bilakatu zena. Tolosako ikastola ordea, pizkunde mugimenduaren lehenengo emaitza bezala kokatu dezakegu, hau da, pedagogia aldetik gogoeta zegoen, baita politika aldetik salto bat emateko gogoa eta giro euskalduna ere. Aurrekari guzti hauengatik erabaki zuten Tolosan eskualdeko lehen euskarazko ikastola sortzea”.
Bildarratzek gainera, hezkuntzak herrialde batean duen garrantziaren inguruan hitz egin zuen. “Batzuetan hainbat jendek pentsa dezake hitzak besterik ez direla baina ikusi besterik ez dago, 1922an hasi zirela etorkizuna diseinatzen. 60. hamarkadan ikastolak lanean hasi zirenean, euskal hezkuntza jarri zuten martxan eta orain guri dagokigu datozen belaunaldietara etorkizuna pixkanaka sortzea”.
Tolosako hiru hezkuntza komunitateko ordezkariek ere hitza hartu zuten omenaldian eta eskerrak eman nahi izan dizkieten, horren erdaldunduta zegoen garai zail horietan, euskal eskola sortzen lagundu zutenei, irakasle lanetan aritu zirenei eta nola ez bertara ikastera joan ziren haur eta gurasoei.
Galtzaundi Euskata Taldeko ordezkari den Maite Asensiok ere hartu zuen hitza eta beraien haurrak ikastola horretara eraman zituzten familiei eta gurasoei eman zizkion eskerrak, apustu bat egin baitzuten, benetako euskararen aldeko ekintzaile bilakatuz. Galtzaundi ere herri ekimenetik sortutako elkartea dela ere aipatu zuen eta baita herri ekimen horrek erakundeen, babesa edukitzeak duen garrantzia ere.