MURALA EGIN DUTE HERRIKIDE, ORIXE, LASKORAIN ETA UZTURPEKOEK

Igandean Euskararen Nazioarteko Eguna dela kontuan izanik, Tolosako eta Ibarrako Herrikide, Orixe, Laskorain eta Uzturpe ikastetxeetako ikasleek mural bat margotu dute Zumardi Handiko sarreran. DBHko laugarren mailako ikasleek parte hartu dute ekintzan eta Ibai Luque diseinatzailearen laguntza izan dute horretarako. Aurtengoan, 2018ko Euskaraldiaren Ahobizi eta Belarriprest rolen ikurrak irudikatu dituzte eta baita ere ‘Euskarak 365 Egun’ ekimenarena.

Ekimen hau Tolosa eta Ibarrako Euskararen Hezkuntza Mahaiarekin elkarlanean sustatu du Galtzaundi Euskara Taldeak eta igandera bitarte egingo diren beste bi ekintzen osagarri da. Ostiralean, ‘Ibarra-Galtzakomik’ komiki lehiaketaren sari banaketa ekitaldia izango da Ibarrako plazako estalpean, 19:00etan. Igandean berriz, ‘Tolosaldean euskara 365 egun!!’ esaldia osatuko dute eskualdeko 28 herriek, bakoitzak esaldiaren letra bat osatuz.