Urteko azken saioa egingo du abenduan Galtzaundiko irakurle taldeak eta azken saioan, Miren Amuriza idazle eta bertsolari berriztarra izango da saioko gonbidatua. Ikasturtean zehar, zenbait irakurgai lantzeko, horien egileak ere izaten dira irakurle taldearen hitzorduan eta abenduaren 18an, 19:00etatik aurrera, AmurizarenĀ Basa lantzeko bilduko dira irakurzaleak Tolosako Kultur Etxean. 2017an Igartza saria irabazi zuen Amurizak eta haren laguntzarekin argitaratu du lana. Sabina izeneko adineko emakume bat da istorioko protagonista, alarguna eta baserrian bizi dena.
SINOPSIA
Zaharra da Altzerreka, erreka-bazter ainube batean dagoen baserria. Zaharra bertako seme Henry, urte luzez Ameriketan artzain ibilia, zangoa anputatu ziotenez geroztik ohean datzana. Zaharra da Sabina Gojenola ere, koinatu elbarria eta etxaldea egoskorkeriaz gobernatzen dituen alarguna.
Seme-alabek egunerokoa erraztu nahi dioten arren, uko egiten dio modernitateari, erosotasunari, inork ezarritako arrastoan sartzeari… Behiekin, ardiekin, txakurrekin, katuekin bat egiten du ondoen Sabinak, animaliei baizik ez die gozotasunik adierazten. Etxekoekin dena du errezeloa, ika-mika eta tentsioa; auzoekin, dena liskar eta norgehiagoka.
Mundu ikuskera baten akabera kontatzen digu Miren Amurizak, modu zehatz eta indartsuan, pertsonaia baten eta gizarte eredu hil-hurren batenĀ erretratu gordin bezain fidela eskainiz, hizkuntza malguz eta estilo sendoz.
Hemen irakurgai eleberriari buruzko zenbait kritika.