Urrian ikasturtea hastearekin batera, Mintzalagun talde berriak sortuko dira, aurretik martxan zeuden askok eta askok jarraituko dute, eta astero euskara praktikatzeko elkartzen garenon sareak ehuntzen jarraituko du. Etxealdian, Mintzalagunon sareari esker, komunitateko kideek internet bidez harremanetan jarraitu dute. Orain, uda ondoren, bidelariak eta bidelagunak astero biltzen hasiko dira. Izan ere, asteroko hitzorduei ekingo zaie berriro, elkarrekin esperientzia aberasgarriak bizitzeko gogoz. Berriz mintzapraktika egiteko bilduko dira mintzalagunak, elkar zainduz eta erantzukizunez.
Komunitatea sendotzeko lehenengo izen emate deialdia urrian abiatuko da. Etengabe ehuntzen doan sarearen parte izateko aukera paregabea dago eskura, euskaraz bizitzeko pauso bat gehiago eman nahi dutenena. Mintzalaguna egitasmoa parte hartzen duten Tolosaldeko herritarrek euskaraz bizi nahi dutelako, beldurrei aurre egin nahi dietelako, ahaztutakoak berriz gogorarazteko, euskara maila hobetzeko edota euskaraz gozatzeko ematen dute izena.
Beraz, herritar guztiak gonbidatu nahi dira parte hartzera; bai euskara praktikatu nahi dutenak eta baita ere, euskara praktikatu nahi duten horiei laguntzeko prest daudenak.
Zer da Mintzalaguna?
Mintzalaguna euskaraz hitz egin ohi duten pertsonak euskaraz egin nahi duten pertsonekin euskaraz aritzeko elkartzen dituen programa da. Funtzionamenduari dagokionez, parte hartzaileen artean talde txikiak egiten dira eta astean behin ordu betez beraien aisialdi garaian elkartuko dira paseoan, kafetegian, parkean… euskaraz aritzeko, euskaraz bizitzeko.
Bi modutara parte har daiteke, euskara praktikatuz (bidelaria) eta euskara praktikatzen lagunduz (bidelaguna). Mintzalagun bihurtzeko baldintza bakarrak, euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko prest egotea dira.
Mintzalagunak bospasei laguneko taldetan elkarturik, adiskide giroan arituko dira hizketan eta pixkanaka somatuko dute mintzapraktikaren efektua: kalean ere imajinatzen ez luketen hamaika pertsonekin hasiko dira euskaraz hitz egiten.Horrela, euskaraz aritzeko ohitura, trebetasuna eta erraztasuna lortu nahi dutenak eta euskaraz normaltasunez aritzen diren laguntzaileekin mintzapraktika taldeak antolatzen ditugu.
Tolosaldean, egun, hainbat herrietan daude Mintzalagun taldeak: Alkiza, Altzo, Anoeta, Ibarra, Ikaztegieta, Lizartza, Irura, Tolosa, Villabona eta Zizurkilen. Gure nahia aurten eskualdeko herri gehiagotara egitasmoa zabaltzea da. Horretarako hainbat eragilek bultzatu edota babesten dute egitasmoa eskualdean: udalek, UEMAk, AEK eta Aitzol euskaltegiek eta Galtzaundi Euskara Taldeak.
Euskal Herri osoko sarea
Mintzalagunen sarea zabalduz eta sendotuz doa Euskal Herrian zehar: 7000 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten aurreko urtean. Eta gero eta gehiago dira, baita Tolosaldean ere Mintzalagunean parte hartzen dutenak. Zehazki, pasa den ikasturtean 100dik gora lagunek hartu zuten parte eta Euskal Herrian 21 herri eta eskualdek hartu dute parte aurtengo kanpainan.
Izena nola eman
Izen ematea doakoa da eta ikasturte osoan dago irekita. Beraz, mintzalagunean parte hartu nahi dutenek herriko udaletxera edota Galtzaundi Euskara Taldearen egoitzara jo behar dute izena ematera.