Mintzalaguna egitasmoaren izen ematea zabalik da

Ikasturte hasierarekin batera, Mintzalagun egitasmoaren izen emate kanpaina aurkeztu da gaur Alegian. Bertan izan dira egitasmoa bultzatzen duten udaletako ordezkariak, UEMA, zein hitza hartu duten, Galtzaundi Euskara Taldeko Idoia Lahidalga eta Alegiako zinegotzi Eider Zubillaga. Zubillagak aipatu duen bezala,  Mintzalagun talde berriak sortuko dira, aurretik martxan zeuden askok eta askok jarraituko dute, eta astero euskara praktikatzeko elkartzen garenon sareak ehuntzen jarraituko du. Orain, uda ondoren, bidelariak eta bidelagunak astero biltzen hasiko dira. Izan ere, asteroko hitzorduei ekingo zaie berriro, elkarrekin esperientzia aberasgarriak bizitzeko gogoz.  Berriz mintzapraktika egiteko bilduko dira mintzalagunak, elkar zainduz eta erantzukizunez.

Komunitatea sendotzeko lehenengo izen emate deialdia irailaren amaeran abiatuko da. Etengabe ehuntzen doan sarearen parte izateko aukera paregabea dago eskura, euskaraz bizitzeko pauso bat gehiago eman nahi dutenena. Mintzalaguna egitasmoa parte hartzen duten Tolosaldeko herritarrek euskaraz bizi nahi dutelako, beldurrei aurre egin nahi dietelako, ahaztutakoak berriz gogorarazteko, euskara maila hobetzeko edota euskaraz gozatzeko ematen dute izena. Lahidalgak aipatu duen moduan,” MintzaPoza sortzen digu astero elkartzeak, euskaraz lasai eta eroso aritzeko aukera izateak akatsak egiteko beldur gabe edo euskara praktikatu nahi dugunokin astero elkartzeko prest dagoen Bidelagun bat izateak”.

Beraz, herritar guztiak gonbidatu nahi dira parte hartzera; bai euskara praktikatu nahi dutenak eta baita ere, euskara praktikatu nahi duten horiei laguntzeko prest daudenak.

Zer da Mintzalaguna?

Mintzalaguna euskaraz hitz egin ohi duten pertsonak euskaraz egin nahi duten pertsonekin euskaraz aritzeko elkartzen dituen programa da. Funtzionamenduari dagokionez, parte hartzaileen artean talde txikiak egiten dira eta astean behin ordu betez beraien aisialdi garaian elkartuko dira paseoan, kafetegian, parkean… euskaraz aritzeko, euskaraz bizitzeko.

Bi modutara parte har daiteke, euskara praktikatuz (bidelaria) eta euskara praktikatzen lagunduz (bidelaguna). Mintzalagun bihurtzeko baldintza bakarrak, euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko prest egotea dira.

Mintzalagunak bospasei laguneko taldetan elkarturik, adiskide giroan arituko dira hizketan eta pixkanaka somatuko dute mintzapraktikaren efektua. Zubillagak aipatu duen bezala, “Talde txikiak sortzen dira bakoitzaren aukerak kontutan izanda. Mintzalagun gehienak kafea hartzeko edo paseo bat emateko elkartzen dira. Aukera paregabea, beraz, euskaraz gehiago aritu nahi dutenentzat, edo dugunontzat, hobe esanda! Mintzalagun egitasmoak ez baitira soilik euskara ikasten dabiltzanentzat!”.

Tolosaldean, egun, hainbat herrietan daude Mintzalagun taldeak: Alkiza, Altzo, Anoeta, Ibarra, Ikaztegieta, Lizartza, Irura, Tolosa, Villabona eta Zizurkilen. Gure nahia aurten eskualdeko herri gehiagotara egitasmoa zabaltzea da. Horretarako hainbat eragilek bultzatu edota babesten dute egitasmoa eskualdean: udalek, UEMAk, AEK eta Aitzol euskaltegiek eta Galtzaundi Euskara Taldeak.

Gainera, Lahidalgak aipatu duen moduan “Ikasturte berri hau bereziki bizi, garrantzitsu, gogotsu dator. Azken bi urteetan ezinezkoa izan baita gure jarduna bere horretan, gure modu naturalean burutzea, baina hartutako konpromezuari eutsi diogu gogor: Euskal Herrian 6800 lagun eta Tolosaldean 75 lagun astero astero bildu izan gara.”

Hainbat aukera eta modu

Zubillagak MintzaPoza denok praktikatu dezakegula ere aipatu du, helduek, gazteek, berritsuek, lotsatiek, kirola egitea gustoko ez dutenek, antzerkizaleek, gurasoak… gaitasuna izanez gero. Hainbat aukera eta modu daude Mintzalagun egitasmoetan parte hartzeko.

Izena nola eman

Izen ematea doakoa da eta ikasturte osoan dago irekita. Beraz, mintzalagunean parte hartu nahi dutenek herriko udaletxera edota Galtzaundi Euskara Taldearen egoitzara jo behar dute izena ematera. Bestetik, online ere izena eman diteke.

 

Mintzalaguna egitasmoaren izen ematea zabalik da 3Mintzalaguna egitasmoaren izen ematea zabalik da 5

Mintzalaguna egitasmoaren izen ematea zabalik da 7Mintzalaguna egitasmoaren izen ematea zabalik da 9Mintzalaguna egitasmoaren izen ematea zabalik da 11Mintzalaguna egitasmoaren izen ematea zabalik da 13