Minority Safe-Pack: hizkuntza eta kultura gutxituak babesteko ekimena

Europako Batasunak bere baitako hizkuntza eta kultura-gutxituak babesteko gutxieneko legedi amankomun bat abian jar dezan europar mailako herritarren ekimen bat jarri da abian. Minority Safe-pack izena du egitasmoak eta Europako zazpi estatu desberdinetako milioi bat herritarren sinadurak bildu behar ditu hurrengo apirilaren 3a baino lehen.

Hortaz, ekimena sinatzera eta zure inguruan zabaltzea gonbidatzen zaituztegu Galtzaundi Euskara Taldetik. Hemen sinatu dezakezue egitasmoa.

INFORMAZIO GEHIAGO:

Europan 80 bat jatorrizko hizkuntza mintzatzen dira. Horietako batzuk ofizialak dira eta beste batzuk ko-ofizialak, baina gehienek ez dute estatus ofizialik. Ondorioz, Europako hizkuntza askok ez dute babes legalik eta arriskuan dago beraien biziraupena.

Europako Batasunaren oinarrizko printzipioetan hizkuntza eta kultura-dibertsitatea babestea dago, bere lemak dioen moduan: in vatietate concordia. Hala ere, Europako Batasunak printzipio horien babesa eta sustapena Estatuen menpe uzten du. Estatu guztiek ez dute jokamolde bera eta hizkuntza asko babesik gabe dago. Europako Batasunaren mailako lege-neurri amankomunen faltan, estatu bakoitzaren borondatearen eta izpiritu demokratikoaren kalitatearen araberakoa izango da hizkuntzen babes-maila.

Europako Batasunak gutxiengoen hizkuntzak eta kulturak babesteko lege-garapen eta neurri minimo amankomun batzuk antola ditzan, Europako hainbat gizarte-eragilek ‘Minority Safe-pack’ izeneko herritarren ekimena bultzatzen ari dira. Hauek dira Europako Batasunari egiten zaizkion eskakizunak:

  1. EBak Estatuei gomendatzea hizkuntza -eta kultura- dibertsitatea babestea eta sustatzea.
  2. Finantziazio-programak abiatzea hizkuntza-komunitate gutxituentzat.
  3. Hizkuntza Dibertsitatearen Zentroa delakoa sortzea.
  4. EBren erregio-garapenerako funtsen helburuetan, gutxiengo nazionalen babesa eta kultura -eta hizkuntza- dibertsitatearen sustapena aintzat hartzea.
  5. Gutxiengoek gure gizarteei eta Europari ematen dioten balio erantsiari buruzko ikerketa egitea.
  6. Estaturik gabeko gutxiengoentzat estrategia konpartitu eta zeharkakoak bultzatzea.
  7. Europako copyright lege bateratu bat, kultur zerbitzuak eta emanaldiak norberaren ama-hizkuntzaz eskuratu ahal izateko.
  8. Ikus-entzunezko edukiak mugaz gaindi hizkuntza gutxituetan eskaintzeko eta jasotzeko zerbitzu-askatasuna.
  9. Gutxiengoen kulturaren eta ondarearen adierazpideak eta komunikabideak estatu-laguntzen arautegitik salbuestea.

Hemen bisitatu dezakezue ekimenaren webgunea euskaraz.