Otsailean jarri da martxan Tolosaldepedia proiektua, Tolosaldeko ezagutza guztia Wikipedian jartzea helburua duena, herritar eta kanpotar guztien eskura egon dadin eta herritarren arteko elkar-harremanak sustatzeko. Covid-19ak eragindako itxialdian Tolosako Udalak martxan jarritako hainbat proiekturen artean sortu zen Tolosapedia egitasmoa, Tolosari buruzko ezagutzan sakondu eta herritarren arteko elkar-harremanak sustatzeko helburuarekin. Denbora honetan, ordea, proiektuak hainbat aldaketa izan ditu eta Galtzaundi Euskara Taldeak proposatuta, eskualde izaera izango du proiektuak. Tolosaldepedia egitasmoan parte hartzera animatu nahi dira Tolosaldeko herritarrak eta Galtzaundi Euskara Taldeak ahalegina egingo du herrietako euskaltzaleak Wikipedian editatzera animatzeko.
Wikipedian gauzatuko da proiektua, euskaraz. Proiektu herritarra, irekia eta kolaboratiboa da, herripedia formatuan garatuko delako eta herritarren ekarpenekin osatuz eta zabalduz joango dena. Proiektua garatzeko hainbat ekintzailez osatutako Talde Eragilea sortu da eta bertan parte hartzen du Galtzaundik. Tolosaldepediak dinamizatzaile bat izango du eta hezkuntza komunitateak ere parte hartuko du, ikastetxeekin elkarlanean Txikipedia garatuko baita. Emakumeengan ere arreta berezia jarriko da, gaur egun Wikipedian dagoen genero arrakala gainditzeko, eta urte amaieran, egindako lan guztiekin eta sortutako artikuluekin liburu bat argitaratuko da; bertan jasoko dira landutako artikulu guztiak, egileen izenekin, eta parte hartu duten guztien artean doan banatuko da.
Editatzen ikasteko lantegiak
Hilabeteko lehen ostegunetan, Wikipedian editatzen ikasteko eta Tolosaldepedia proiektuan idazteko lantegiak egingo dira otsailaren 4an, martxoaren 4an, apirilaren 15ean, maiatzaren 6an eta ekainaren 3an. 17:00etatik 20:00etara bitarte izango dira Tolosako Kultur Etxean eta irekiak dira. Proiektuan zehar edizio lantegiak eskualdeko herrietara zabaltzea ere aurreikusten da. Norberak bere ordenagailua ekarri beharko du saioetara.
Lantegietan izena emateko galdetegi hau bete behar da.
Nondik hasi?
Hamaika modu eta gai daude Wikipedian editatzeko, historia, eraikinak, pertsonaiak, ondare kulturala, festak, ohiturak, natura, mendiak, baserriak, eta noski, norberaren herriari buruzko informazioa osatzea eta zabaltzea. Hemen pista gutxi batzuk:
-
Ba al zenekien ezer Tolosako 1813 guduaren inguruan? Ingelesezko Wikipedian azaltzen da (https://en.wikipedia.org/wiki/Battle_of_Tolosa_(1813)). Gai izango zinateke hori itzultzeko?
- Atera al dezakezu zure auzoko argazki bat? Eskualdeko argazki asko falta dira (ondarea, elizak, eraikin historikoak, ibaiak, pertsonaiak…).
-
Zure ikastetxeak ba al du artikulurik? Begira zer egin duten Uzturpekoek: https://eu.wikipedia.org/wiki/Uzturpe_Ikastola
Jarraitu Tolosaldepediaren inguruko berri guztiak egitasmoaren Twitter kontuan: https://twitter.com/tolosaldepedia