Lehen aldiz, euskaraz dira Tolosako kaleetako konbertsazioen erdiak baino gehiago

Hizkuntzen Erabileraren 2021eko Kale-Neurketaren emaitzak aurkeztu dituzte Galtzaundi Euskara Taldeak, Tolosako Udalak eta UEMAk. 1985. urtetik, urtero egiten da hizkuntzen erabileraren kale-neurketa Tolosan. 2021ekoan, 3.176 elkarrizketaren eta 8.092 hiztunen informazioa bildu da. Jasotako datuen bolumen handiak, fidagarritasun estatistikorako baldintzak bermatzea ahalbidetzen du.

Ondorio nagusiak

Euskararen kale-erabilera berrindartu egin da Tolosan azken 36 urtetan. 1985ean, %29koa zen eta 2021ean, berriz, %50,9koa. Azken emaitza hau, neurketak egiten direnetik jasotako altuena da eta lehen aldiz gainditzen du euskarak %50eko langa. 2019ko kale-neurketan jaso zen beste datu historiko bat, estreinakoz erregistratu baitzen euskararen kale erabilera gaztelaniarenaren gainetik.

2021eko neurketan, hain zuzen, neurtutako hizkuntzen kale erabileran erabilera datu hauek jaso dira: euskaraz %50,9, gaztelaniaz %46,7 eta gainerako hizkuntzetan %2,4.

Lehen aldiz, euskaraz dira Tolosako kaleetako konbertsazioen erdiak baino gehiago 3

Haurrak (%72,5) dira kalean euskara gehien erabiltzen dutenak. Ondoren heldu-gazteak (%62) daude, eta horiei jarraiki gazteak (%54), heldu-nagusiak (%42) eta adinekoak (%35). Bilakaera horretan azpimarratzekoa da 39 urtetik gorakoen eta beherakoen artean dagoen aldea: 39 urtez azpikoek %65,5eko erabilera erregistratu dute, 39 urtez gainekoei %39ko erabilera neurtu zaien bitartean.

Lehen aldiz, euskaraz dira Tolosako kaleetako konbertsazioen erdiak baino gehiago 5

Erregistratutako lehen urteetan igoera handia izan zuen haurren erabilerak, aldiz, azken urteetan igoera txikiagoa da. Gazteen erabilerak igoera nabarmena izan du azken bosturtekoan eta helduek hazkunde erritmo konstantean jarraitzen dute, bosturteko bakoitzean 3-4 puntu artean hobetuz euskararen erabilera. Aipatzekoa da, adinekoen erabileran beherakadak geldialdia izan duela azken bosturtekoan 90eko hamarkadatik lehen aldiz, eta goranzko joeran hasi dela.

Haurren presentziak zeresan handia du euskararen kaleko erabileran. Erabilera daturik altuenak haurrak eta helduak batera daudenean, eta haurrak elkarrizketan parte hartzen duenean erregistratzen dira (%76). Baxuenak, berriz, nagusiak haurrak parean ez dituztenean jasotzen dira (%39). Azpimarratzekoa da nagusien kasuan, haurren presentzia soilak %66ra igotzen duela erabilera.

 

Beste datu historiko bat, 2019koaren ondoren

2019ko Hizkuntzen Erabileraren Kale-Neurketak emaitza esanguratsua utzi zuen eta horrela aipatu zen duela bi urte: ehun urtean lehen aldiz euskara gaztelania baino gehiago entzun zela Tolosako kaleetan. Jakina da neurketa 1985. urtetik aurrera egiten dela Tolosan, baina mende batean zehar lehen aldiz horrela izan zela baieztatzeko moduko ebidentziak baditugu 1919. urtetik hona.

Oraingoan, ordea, datu historiko berria utzi du 2021eko neurketak. Neurketa metodo zientifiko bera erabiliz 1985. urtetik hona, lehen aldiz gainditu du euskarak %50eko kale-erabileraren langa. Horrek esan nahi du, 2019an Tolosako kaleetako hizkuntza nagusia bilakatu bazen, orain, 2021ean, herriko kaleetan jasotako konbertsazioen erdietan baino gehiagotan entzuten dela euskara. Hau da, datu historiko horrek berriro baieztatzen du 2019ko neurketak garbi adierazten zuen susperraldia eta euskarak Tolosako kaleetan espazioa irabazten jarraitzen duela.

Lehen aldiz, euskaraz dira Tolosako kaleetako konbertsazioen erdiak baino gehiago 8

Eskualdearen garrantzia

2021ean egin da ere Tolosaldeko herri guztietako hizkuntzen kale-erabilera neurketa. Azken ikerketa horren arabera, euskararen kale-erabilera indartu egin da Tolosaldean azken lau urteetan; 2017an, %56,5ekoa zen eta 2021ean, berriz, %60,4koa da. Gogoan izan behar da, Tolosako kale-erabilera neurketa egiterakoan, Tolosako kaleetako elkarrizketak behatzen direla eta ez tolosarren arteko elkarrizketak. Eta noski, Tolosa eskualdeko buru izaki, eskualdeko herritarren erabilerak ere pisua du Tolosako emaitzetan.

Tolosaldeko 28 herriak bertako biztanle euskaldunen portzentajeak kontuan hartuta aztertuz gero, desberdintasun nabarmenak ikusi daitezke emaitzetan. Horrela, euskaldunen portzentajea %65 eta %79 artean duten herrietan -tartean Tolosa-, lau puntu egin du euskararen kale-erabilerak gora (2017an %54koa zen eta 2021ean %58koa da). Horri jarraiki, ikerketak erakusten du herri erdaldunenetan euskararen kale-erabilerak goranzko joera duen bitartean, arnasguneetan apaltzen ari dela euskararen erabilera Tolosaldean.

Lehen aldiz, euskaraz dira Tolosako kaleetako konbertsazioen erdiak baino gehiago 10

Lorpen kolektiboa eta lanean jarraitzeko plana

Tolosako kale-neurketen emaitzen bilakaerak bistaratzen du azken urteetako berrindartze honen atzean modu desberdinetara beren aletxoa jarri duten herritarren lana dagoela. Lorpen kolektiboa da Tolosako kaleetan euskararen presentzia nabarmen areagotzea; euskararen aldeko urrats sendoak eman dituzten herriko talde, udal, ikastetxe, euskaltegi, euskara ikasle, elkarte, komunikabide, mugimendu sozial, sortzaile zein norbanako eta euskaltzaleen lanaren fruitua da. Eta azken emaitzek argi erakusten dute lorpen horretan parte hartu duten eragile eta norbanako guztien aletxoa zein garrantzitsua izan den.

Abenduan onartu zen herriko eragile desberdinek udaleko Euskararen Aholku Kontseiluan diseinatutako 2022-2024 arteko Tolosako Euskara Sustatzeko Ekintza Plana. Herriko premietara dimentsionatutako plan horren helburu nagusietako bat da euskararen erabilera hauspotzea eta horretan jarraitzen dute lanean Euskararen Aholku Kontseiluko kideek. Plan horren diseinuan parte hartu dute udaleko teknikari eta ordezkari politikoek, ikastetxeek, lanbide heziketa zentroek, euskarazko komunikabideek, Galtzaundik, Tolosako ESIko euskara teknikariak eta UEMAk osatzen dute.