Robert L. Stevenson idazle eskoziarraren Jekyll doktorearen eta Hyde jaunaren kasu bitxia eleberria landuko du Galtzaundiren irakurle taldeak martxoko saioan. Koro Navarro Etxeberriak itzuli du liburua euskarara eta egindakoa aztertzeko hitzordua, martxoaren 18an, asteazkena, izango da Tolosako Kultur Etxean, 19:00etatik aurrera. Saioa Yurre Ugartek dinamizatuko du eta parte hartzea guztiz irekia da.
Londresko gau beltz batean, gizon zital beldurgarri batek neska bat lurrera bota, zanpatu eta arduragabe jarraitzen dio bere bideari. Harrapatuta, erasoaren gertalekura itzularazi eta ehun libera ordaintzera behartzen dute; hamar libera urretan ematen ditu, eta txeke bat geratzen dena ordaintzeko. Bitxia bada ere, txekea Henry Jekyll ospe oneko doktoreak sinatua dago; eta bitxiagoa, Jekyll doktorearen testamentuan gizon txiki doilor eta misteriotsu bera agertzen da hartzaile bakar gisa. Jekyll doktorearen abokatuak, kezkatuta, bere bezeroa bisitatzen du; eta halako gertaera bitxia eta beldurgarriak aurkitzen ditu, non geure kontzientziaren mamiraino sartzen baitira.
Jekyll doktorearen eta Hyde jaunaren kasu bitxia 1886an argitaratu zen. Berehalako arrakasta izan zuen orduan, eta arrakasta handia du gaur egun ere; areago, mugarri kultural bat da. Denok entzun dugu istorio honen berri; baina irakurri? Suspentsea, nobela gotikoa, psikiatria, metafisika… denetik dauka; baina, batez ere, kontakizun bizia, ezin utzi den horietako bat da. Esan liteke inoiz kontatu den istorio aztoragarrienetako bat dela.
Liburuari buruzko zenbait erreferentzia hemen.