Jon Maia bertsolariaren ‘Kantu bat gara’ ikuskizunak Tolosan egingo du geldialdia azaroaren 11n. Leidor aretoan izango da emanaldia, 19:00etan, eta Jon Maia ez da bakarrik arituko, berarekin batera izango dira eskenatoki gainean, Gorka Hermosa akordeoilaria, Pello Ramirez biolontxeloan edo eta Natxo Soto teklatuetan. Sarrerak presentzialki salduko dira Galtzaundiren egoitzan, eta 15 euroko prezioa dute (Galtzaundikideek eta Atarikideek 13 eurotan eskuratzeko eskaintza izango dute). Emanaldia Tolosaldeko Atariarekin elkarlanean antolatu du Galtzaundi Euskara Taldeak.
Izan ere, 30 urte dira Jon Maia bertsolariak bere aurreneko kantak idatzi zituenetik, Negu Gorriak taldearen Gure jarrera diskorako. Ordutik Euskal Herriko hainbat eta hainbat talde eta abeslarirentzat idatzi ditu kantuen hitzak: Negu gorriak, Gari, Mikel Urdangarin, Anari, Benito Lertxundi, Soziedad Alkoholika, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Gozategi, Ken Zazpi… Horietako kantu asko eta asko jendearen gogoan gelditu dira dagoeneko: Itsasoari begira, Gora Herria, Lehenbiziko bala, Nirekin, Non geratzen den denbora, Eskuetan, Itsasoa gara, Zaharra zara Bilbo eta abar…
Sarreren informazioa
Emanaldirako sarrerak presentzialki soilik eskuratu ahalko dira. Urriaren 22an jarriko dira salgai, 10:00etatik 12:00etara, Galtzaundi Euskara Taldearen egoitzan. Emanaldiko sarrerek 15 euroko prezioa dute, eta Galtzaundikideek eta Atarikideek deskontua izango dute. Egunean bertan ez badira sarrera guztiak saltzen, Galtzaundiren egoitzan egongo dira salgai urriaren 24tik aurrera.