Galtzaundi irakurle taldearen otsaileko saioan Juan Luis Zabalaren ‘Txistu eta biok’ eleberria landuko da. Saioa otsailaren 21ean, asteazkena, izango da Tolosako Kultur Etxean. Hilabetez liburua landu dutenek, Zabalarekin iritziak partekatzeko aukera izango dute 19:00etatik aurrera. Ohiko moduan, Yurre Ugartek dinamizatuko du irakurle taldea.
Berria egunkarian kultura arloko kazetaria da Txistu eta biok nobelako pertsonaia nagusia. Albaitariak Txisturi, etxeko txakurrari, gaitz bat diagnostikatu dionean, harekin duen harremanaz idazten hasi da. Lanetik aparteko idazketa libreari gustua hartuta, bere beste hainbat kontu jorratzeari ekiten dio. Kulturarekiko sentitzen duen desatxikimendua du aipagai nagusietako bat; desatxikimendu horren frogatzat du, adibidez, José Saramagoren heriotzaren berri Radio Marca entzunez jakin izana. Ilunabar batez, Txisturekin etxe inguruko paraje bakarti batean paseatzen ari dela, hilotz bat aurkitu, eta horrek, ustekabean, trama poliziako patetiko samar batean barneratuko du kazetaria. Tramako gertakarien kontaketa gai askori buruzko gogoetekin uztartuko du: konpromiso politikoa, Euskal Herriko gatazka, xenofobia, aporofobia, feminismoa, zoriontasuna, alienazioa…
Liburuari buruzko zenbait erreferentzia jarraian:
- Juan Luis Zabalari elkarrizketa Urola Kostako Hitzan.
- Mikel Asurmendiren iritzia Argian.
- Igor Elorduiren iritzia Aizu!-n.
- Javier Rojoren iritzia El Diario Vascon.
- Ibon Egañaren iritzia Deian.
- Hasier Rekondoren iritzia Berrian.