Itxaro Bordaren Susmaezinak eleberria hurrengo irakurle taldean

Ikasturteko martxa hartuta, azaroaren 18an egingo du hurrengo saioa Galtzaundik sustatutako Irakurle Taldeak. Oraingo honetan Itxaro Bordaren Susmaezinak eleberria landuko da saioan, 19:00etatik aurrera Tolosako Kultur Etxean. Irakurgaia lantzeko, Itsaro Borda bertaratuko da hitzordura eta ohiko modua Yurre Ugartek dinamizatuko du saioa.

Aurreko mendeko laurogeiko hamarkadan gaude. Hemerotekan-eta berunezko urtetzat ezagutzen diren haietan. Iparraldean, ETAko iheslari errefuxiatuek aterpe bilatzen dute, eta hori baino gehiago ere bai. Hegoaldetik ihesi joandakoez gain, Iparraldeko militanteak ere badira erakundearen sareetan, baita hainbat komando aktibotan ere. Horien artean, luzaroan ibiltari aritutako komando bateko kideak dira eleberriaren protagonista nagusiak. Ez bakarrak, ordea.

 

Protagonista baitira, halaber, komandoaren ekintzek sorturiko biktima ugariak. Protagonista dira sarraskiek eragindako erreakzio askotarikoak, gorrotoa, etsipena, dolua, tristura, sufrimendua…

 

Protagonista dira, halaber, batzuen eta besteen argudio eta kontrargudioak, gezur itxurako egiak, egia itxurako gezurrak.

 

Protagonista da, funtsean, giza kondizioa, bere loriak eta miseriak agerian.

 

Fikzioa baita, maiz, kronika modurik zintzoena.

Itxaro Borda “Susmaezinak” eleberriaren pasarte bat irakurtzen