Iritsi dira Errigorako produktuak Tolosaldera eta eskariak jasotzeko garaia da orain

Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainak, kontsumitzeko erak aldatzeko bide bat proposatu du. Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko produktuak eskatzeko aukera izan da euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan. Kanpaina urtean behin egiten da eta, eskaera handiak egitea da Errigoraren leloa: urtean behin, urte guztirako. Horregatik, olioa 5 litroko bidoietan eskaintzen da eta arroza, pasta eta barazki-kontserbak 12 unitateka.

Tolosaldean inoiz baino eskurago ditugu Errigoraren produktuak, aurten Ikaztegieta batu baita banaketa puntuetara. Beraz, guztira eskualdeko 15 herritan jaso daitezke produktuak: Abaltzisketan, Adunan, Alkizan, Amasa-Villabonan, Amezketan, Anoetan, Asteasun, Berastegin, Ibarran, Ikaztegietan, Iruran, Larraulen, Orexan, Tolosan eta Zizurkilen.

Aurten, Tolosaldeko eskaerek nabarmen egin dute gora. Guztira, 538 etxetara iritsiko dira Errigorako produktuak. 7.660 litro olio eskatu dira(iaz baino %52 gehiago), 12.696 ontzi kontserba (iaz baino %9 gehiago) eta 2.496 pakete arroz, pasta eta lekale (iaz baino %40 gehiago).

Euskal Herrian ere inoizko uztarik emankorrena izan da aurtengoa. 10.000 etxek egin dute bat kanpainarekin eta 143.000 litro olio, 271.000 ontzi kontserba eta 41.000 pakete arroz, pasta eta lekale eskatu dira. Horrenbestez, udaberriko kanpainaren bidez, Nafarroa hegoaldeko euskalgintzak eta elikadura burujabetzan sakontzeko proiektuak bultzada garrantzitsua jaso dute aurten ere.

Galtzaundiren bulegoan produktuak jasotzeko aukera izango da maiatzaren 16an, 17an eta 18an (10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara). Eskualdeko banaketa ere martxan jarriko da ostiraletik aurrera eta hauek dira banaketa puntuetako ordutegiak.

HERRIA BANAKETA LEKUA XEHETASUNAK
Abaltzisketa Etxez etxe.
Aduna Kultur aretoa. Maiatzaren 17an, 17:00etan.
Anoeta Ikastolako idazkaritza. Astelehenetik ostiralera, 8:00 -17:00.
Alkiza Erretoretxea. Udala jarriko da eskaera egin dutenekin harremanetan.
Amezketa Etxez etxe.
Asteasu Kultur etxea. Maiatzak 13, ostirala: 16:00etatik aurrera.
Berastegi Udaletxea. Goiz eta arratsalde.
Ibarra Uzturpeko idazkaritza. Astelehenetik ostiralera 8:00-17:00.
Ikaztegieta Ostatua. Larunbatean, egun guztian zehar.
Irura Ikastola. Maiatzak 18, asteazkena 9:00-13:15 eta 14:30-18:00.
Larraul Udaletxea. Maiatzak 13, ostiral arratsaldean plazan.
Tolosa, Laskorain ikastola Usabal. Maiatzak 14, larunbata: 10:00-13:00.
Tolosa, Galtzaundi Nafarroa etorbidea 6 Maiatzak 16-17-18:

10:00-14:00 eta 15:00-18:00

Orexa Ostatua. Maiatzak 13, ostirala: 16:00etatik aurrera.
Villabona Gaztetxea. Maiatzak 13, ostirala: 18:00etatik 20:00etara.
Zizurkil Herriguneko txabola. Maiatzak 16, astelehena: 17:00etatik aurrera.