Galtzaundiren irakurle taldearen otsaileko saioa bisitatuko du Inazio Mujika Iraola idazleak. Izan ere, idazle donostiarraren Azukrea belazeetan ipuin liburua izango da hilabete honetako irakurgaia eta klasiko hau aztertzeko, Mujikaren presentziaz gozatu ahal izango dute irakurleek. Saioa otsailaren 20an izango da, Tolosako Kultur Etxean, 19:00etatik aurrera eta betiko moduan, Yurre Ugartek dinamizatuko du taldea.
Inazio Mujikak Tolosako Urkizu auzoa dakar bildumara; Tolosaldea inguru menditsua da, berdea eta lur emankorrekoa; Urkizun, aldiz, lurra eta natura ez da estatikoa, aldatuz doa gizakiak eraikitako azpiegituren ondorioz (eraikitako errepidea dugu adibide argiena). Eguraldi aldaketek iragartzen dituzte egoera lazgarri eta nahasiak, eta, hartara, Azukrea belazeetan-en naturak funtzio horixe du: iragarle izatea. Mujika Iraolak belazeen irudia azukrearekin jarri du harremanetan, narrazioetan hainbestetan gorpuzten den haur-ikuspegia gogora ekarriz. Belazeetako azukreak bi egoera irudikatzen ditu, narrazioetan adierazi bezala: batetik, neguko elurraren metafora dugu; bestetik, udaberriko loreen metafora. Azukrearen bitartez sorturiko metafora bikoitzak izatea eta ez-izatea biltzen ditu: ziklo baten hasiera eta bukaera, udaberria eta negua. Izenburuaren joerari segitzen diote narrazio gehienek ere, eta errealitatearen izateaz edo ez-izateaz galdetzera garamatzate; ondorioz, Mujika Iraolaren narrazioen tonua malenkoniatsua da.
Inazio Mujikak euskal gizartearen ikuspegi tradizionalistaren krisia irudikatu du narrazio-bilduma honetan. Azukrea belazeetan bildumak gizarte baten eraldaketa du kontagai, bi pentsamoldeen arteko trantsizio-garaia hain zuzen ere. Nekazaritza-gizarte horrek garai hartan bizitako tragedia nagusia industrializazioa izan zen, eta baita industrializazioak ekarritako ikusmolde aldaketa ere. Nekazaritza-munduko ikuspegi hura auzitan jartzearekin batera, diskurtso katolikoaren gainbeherak ere eragin zuen gizarte-krisirik.
Hamaika ipuin agertuz doazkigu, terralaren saretu-ez saretu horretan, lurraren lurrunak emandako hitzen antzera. Lurra mintzo da Inazioren luman, eta lur horren mintzoa zeru irekian gal ez dadin terralak estaltzen du, eta oihartzun eginarazten dio, lur horretako zokorik ezkutuenak ere entzun dezan lurraren beraren antsia. Terrala lurraren gainean ixtean, lurraren zauriak eta odolak nabarmenago agertzen dira; alegia, ipuinen begiradak ez dira ortzemugaratuak, inguru-inguruan estekatuak baizik. Hori da ipuinen giroa; muinoetatik urrunera egindako begiraldiak kontatzen direnean, giro itxi horretatik kanpora ihes egin nahiaren ametsak-edo adierazten dira (itsasorako bidaiaren ametsa bezala); baina, azken batean, erroek lurrari loturik diraute (…) Grina, gaiztakeria eta zorigaiztorik ankerrenaren ondorioz gertatzen dira liburuan zehar heriotzak (…) Esango nuke haurraren begia dela liburu osoan kontatzaile nagusia, nahiz eta ipuin batzuetan bakarrik ageri nabarmen. J. K. Igerabide Atxagaren Obabakoak eta Sarrionandiaren Narrazioak liburuen alboan beste ipuin liburu bat jartzekotan, dudarik ez, Inazio Mujikaren Azukrea belazeetan da liburu hori.
Esteka honetan daude irakurgai liburuari buruzko kritikak