Dagoeneko Tolosaldera iristear dira inauteriak, lehenik eta behin Lizartzara eta ondoren Abaltzisketa eta Tolosara. Iñauterien gaia jorratzeko garai aproposa dela kontuan hartuz, Aitzpea Leizaola antropologoa eta EHUko irakaslea izango da Galtzaundi tabernako datorren osteguneko protagonista. Saioa otsailaren 21ean izango da, 18:30etan, eta ‘Mozorroaz haratago. Inauteriak Euskal Herrian gaur egun’ hitzaldia eskainiko du.
Aitzpea Leizaola Egaña 1971an jaio zen Donostian eta 2004 eta 2005 urte artean Udako Euskal Unibertsitateko zuzendaria izan zen. Antropologia Sozialean doktorea da eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Departamenduko partaide ere bada. Bere iker lerroetako bat dira euskal inauteriak eta hauen aldaketa, eta justu, horren inguruan jardungo du osteguneko hitzorduan. Korrika Kulturalaren egitarauan kokatzen da hitzordua.