Zer da Auzoko?
AUZOKO Egitasmoaren helburua da Ibarrara etorri berri diren herritarrei euskal kultura ezagutaraztea, eta haien eta gure kulturaren arteko zubia eraikitzea. Jakitun gara ez dela erraza nork bere herria eta nork bere kultura atzean uztea, eta beste komunitate batean txertatzea. Haien herria utzi eta gurera bizitzera datozenentzat garrantzitsua da guk harrera sozial egokia egitea; horrez gain, baita gure partetik haien kulturarekiko interesa erakustea ere. Hau da, haiek gure kulturatik ikasiko duten bezala, guk ere haien kulturetatik eta ohituretatik ikastea. Helburu horrekin ostegunero elkartzen da Auzoko osatzen dutenen taldea: alde batetik, Ibarrako zenbait boluntario; eta, bestetik, berriz, Ibarran denbora gutxi daramaten hainbat bizilagun, jatorri kultural desberdinetakoak.
Gaur egun Ibarran 4.200 biztanle baino gehiago dira, eta hoerietatik % 11 beste estatu batean jaiotakoak dira; 450 herritar baino gehiago. 450 pertsona horiek hainbat herrialdetatik etorri dira, eta bakoitzak bere kultura ekarri du Ibarrara. Bakoitzak bere sinesmenak dauzka, ohiturak, janzkerak, tradizioak, elikagaiak prestatzeko moduak… eta pertsona horiek gure ohiturekin egiten dute topo. Ez da batere erraza bestelako ohitura batzuk izanik, Ibarrara etortzea eta hemengo funtzionamendura egokitzea. AUZOKOk euskal kulturaren berri ematen die, euskarazko lehen hitzak ikasten dituzte bertan; ez hori bakarrik, Ibarrako herritarrak eta kolektiboak ezagutzeko aukera ere eskaintzen zaie bertaratzen direnei, eta giro onean sozializatzen laguntzen zaie.
Une honetan atzerrian jaiotako dozena bat lagun biltzen dira AUZOKOn, eta horiekin beste lauzpabost ibartar ere elkartzen dira. AUZOKO familia bat da, hainbat kulturatako jendea elkartzen den familia. Boluntarioek eman egiten dute, baina jasotzen dutena gehiago da: beste kulturetatik ikasten dute, migratzaileek izaten dituzten zailtasunez ohartzen dira, aurreiritziak alboratzen dituzte, eta ibartar berriak ezagutzen dituzte.
Gustatuko al litzaizuke AUZOKO egitasmoan parte hartzea?
Ostegunero elkartzen dira 17:00etatik 19:00etara Kultur Etxean, eta hemendik aurrera hilabetean behin elkarte gastronomiko batean nork bere herrialdeko jakiak prestatuz elkar hobeto ezagutzeko asmoz. Harrera sozial horretan lagunduko duten boluntario euskaldunak falta dira. Ostegun batzuetan etor bazaitezke, jarri gurekin harremanetan honako bideetako bat erabiliz:
Deitu edo idatzi 688 738 417 zenbakira, edo galtzaundi@galtzaundi.eus helbidera.