Tolosaldeko 28 herrietan batera eragiteko, elkarlanerako hitzarmena egin dute UEMAk eta Galtzaundik. Euskarak Tolosaldean duen egoerari buruzko ikerketetan elkarlanean jardutea da hitzarmenaren asmoa. Hitzarmenaren atarian bi aldeek nabarmendu dutenez, “euskara biziberritzeko bidean pisu handiko eskualdea da Tolosaldea. 28 udalerri ditu, txikiak gehienak, eta guztiek betetzen dute UEMAko kide izateko baldintza (euskararen ezagutza indizea %70etik gorakoa izatea). Arnasguneen funtzioa gero eta gehiago nabarmentzen dute euskalgintzaren esparruan, eta Tolosaldeak funtsezko rola du arlo horretan. Eskualde osoa har liteke arnasgune geografikotzat: %79ko euskararen ezagutza indizea dauka”.
Tolosaldean ere galera arnasguneetan
UEMAk eta Galtzaundik zehaztu duten moduan, “Tolosaldean ere ari da sumatzen, ordea, arnasguneetan agertzen ari den galera. 1981-2011 arteko datuak aztertzen badira, adierazgarria da eskualdeko 28 herrietatik 23tan jaitsi egin dela euskararen ezagutza indizea; euskara lehen hizkuntza dutenen portzentajea ere jaitsi egin da Tolosa ez beste udalerri guztietan, eta euskararen erabilera ere bai. Komenigarria da, beraz, jaitsiera horiek sakon aztertzea, diagnostiko egokiarekin neurri egokiak hartzeko”.
Diagnostiko egokia egiteko eta neurri egokiak elkarrekin lantzeko, hainbat puntu hitzartu dituzte bi aldeek. Honakoak, zehazki:
1. Euskarak Tolosaldean duen egoerari buruzko ikerketetan elkarlanean jardutea. Hori bideratzeko, jarraipen talde bat osatuko da, bi aldeek esku artean dituzten ikerketa ildoak aztertzeko eta elkarlan bideak proposatzeko. Aldian-aldian zehaztuko dituzte elkarlanaren moduak eta baldintzak.
· Kaleko erabileraren neurketa izango da elkarlan horren lehen urratsa. UEMAk proposatu du kide dituen udalerrietan euskararen erabilera neurtzea (hamalau herri Tolosaldean), eta Galtzaundik proposatu du gainerakoetan ere egitea. Horretarako, honako hau adostu dute:
― Tolosaldeko herri guztietan egingo da erabileraren neurketa, jadanik egina duten herrietan izan ezik.
― Ikerketaren gastuaren gain UEMA egingo da. Galtzaundik, berriz, neurketak egingo dituzten boluntarioak topatzeko konpromisoa hartu du.
― Neurketaren emaitzarekin UEMAk eta Soziolinguistika Klusterrak egingo duten analisiaz gain, eskualdeko egoeraz analisia egingo du Galtzaundik ere, kaleko erabileraren neurketa eta beste azterketa batzuk oinarritzat hartuz. UEMAren esku utziko du analisi hori.
2. Beren eguneroko jardunean harreman iraunkorra izango dute bi aldeek. Besteak beste, hitzaldiak, tailerrak eta horrelakoak antolatzean, UEMAk horren berri emango dio aldez aurretik Galtzaundiri, eta parte hartzeko aukera aztertuko dute; horrekin, besteak beste, herritar euskaltzaleak aktibatzea eta trinkotzea dute helburu. Bide beretik, UEMAko kide diren herrietan egiten duen jardunaren berri emango dio unean-unean Galtzaundik UEMAri, eta elkarrekin aritzeko aukerak aztertuko dituzte.
3. Bi aldeek solaskidetza bat zabalduko dute eskualdeko euskalgintzan bakoitzak izan beharreko rola adosteko. Eskualdeko euskalgintzaren jarduna trinkotzea helburu izanik, sinergiak sortzea eta funtzio banaketa bat ezartzea beharrezko ikusten dute bi aldeek, eta lankidetzarako espazioak sortzea ere bai. Horretarako urratsak egitea izango da solaskidetza horren abiapuntua, lankidetza gune sendoak sortzeko bidean.
4. Bi aldeek beharrezko ikusten dute bai Galtzaundi bai UEMA indartzea. Hori helburu hartuta, honako bide hauek jorratuko dituzte:
― Galtzaundiren jardunaren berri emango die UEMAk kide dituen eskualdeko udalei, eta dei egingo die elkartearen lana babestera. Horretarako, adibidez, UEMAko eta Galtzaundiko arduradunekin bilera egiteko eskatuko diete udalei.
― Oraindik UEMAn sartzeko pausoa eman ez duten udaletara ere joko dute. Galtzaundik harremana duen udaletan indar egingo du UEMAn sar daitezen. Gisa berean, bilerak egitea proposatuko diete UEMAko kide ez diren udalei, Galtzaundiko eta UEMAko arduradunekin, bi eragileen lanaren berri emateko.
― Bi aldeek, erakundeekin eta bestelako eragileekin dituzten harremanetan bai eskualdekoak, -bai goragokoak-, elkarlan bidearen berri emango dute, eta babesteko deia egingo diete eragile horiei.
― Bi aldeek, bestelako erakundeekin eta eragileekin dituzten harremanak baliatuz, erraztu egingo dute eragileen arteko erlazioak sortzea.
5. Elkarlanerako hitzarmen hau legealdi honetan egongo da indarrean. Bi aldeek adierazten dute, hala ere, akordioa berritzeko prestasuna, oraingoaren ebaluazioa eginda.
6. Jarraipena egiteko bilerak egingo dituzte aldian-aldian UEMAk eta Galtzaundik.