Ekainean zehar Iruran, Tolosan eta Villabonan hiru hitzaldi antolatu dituzte elkarlanean Galtzaundi Euskara Taldeak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. ‘Herritarron hizkuntza-eskubideak auzitan’ izenburupean, Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak gidatuko ditu saioak ekainaren 6an Tolosan, 14an Villabonan eta 21ean Iruran. Hizkuntza-eskubideen urraketen aurrean euskaraz bizi nahi duten herritarrei oztopoak gainditzeko gakoak azalduko zaizkie hitzaldietan, eta euskaraz bizitzeko nahia egunerokoan eta praktikan errealitate bihurtzeko zer egin ere landuko da.
- TOLOSA: Ekainak 6, asteartea. 18:30. Kultur Etxea.
- VILLABONA: ekainak 14, asteazkena. 19:00. Subijana Etxea.
- IRURA: ekainak 21, asteazkena. 18:30. Herri eskola.
Hiru hitzaldi horietatik abiatuta, euskaldunen eta euskaltzaleen kontzientziazioan eragitea da Galtzaundiren helburua. Oinarrizko eskubideak diren hizkuntza-eskubideen urraketak ondorio argiak eragiten dituzte, eta euskaraz jarduteko ezintasuna mota guztietako zerbitzu eta jardueretan islatzen da: osasun zerbitzuetan, justiziaren eremuan, segurtasun arloan, aisialdian, kontsumo-harremanetan… Horretan eragiteko, lege aldetik euskarak eta euskaldunek duten babesa aztertuko da saioetan; hainbat egoeren aurrean herritarrek izan beharreko jarrera landuko da; eta norbanakoetatik hasita aldaketarako dauden tresnen eta aukeren berri emango da.