Urteko lehenengo saioa egingo du Sormenetik-ek datorren maiatzaren 19an. Oraingo saio honetan, Joxe Mari Agirretxe eta Aiora Zulaika pailazoak izango dira saioko protagonistak eta herrigintzaz, irrigintzaz eta euskal sormenaz hitz egingo dute. Elkar-elkarrizketa izango da bi artistek gauzatuko dutena eta ohiko moduan Zerkausiko azpialdean, TAK arraun klubak duen gunean, arituko dira 11:00etatik aurrera.
Izan ere, Joxe Mari Agirretxek (Lasarte-Oria, 1964) eta Aiora Zulaikak (Lasarte-Oria, 1975) Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo hirukotea osatzen dute Mertxe Rodriguezekin batera. Pailazo taldea 1987. urtean jarri zuten martxan Lasarte-Orian euskara sustatzeko asmoz. Orduan Takolo, Pirrutx eta Porrotx izena zuen taldeak eta horrela jarraitu zuten 1995ean Pirrutxen pertsonaia aldatu eta Pirritx bilakatu zen arte. 2004ra arte jarraitu zuen hirukoteak formatu horrekin Takolo, Pirritx eta Porrotx izenpean. Agustin Mujika Takolok taldea utzi ondoren, bikote formatuan jarraitu zuten azkenean, Mertxe Rodriguez gehitu eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots izatea erabaki zuten arte.
Euskal pailazo talderik ezagunena da gaur egun eta hizkuntzarekin harremana duten hainbat eta hainbat proiektutan parte hartu izan dute, nola norbanako, hala taldean.