Maiatzeko saioan Hassan Blasim idazle irakiarraren ‘Kristo irakiarra’ liburua jorratuko du Galtzaundiko irakurle taldeak, Ana Isabel Moralesek itzulia. Hitzordua maiatzeko azken asteazkenean izango da, hilak 30, 19:00etan Tolosako Kultur Etxean. Beti bezala Yurre Ugartek dinamizatuko du irakurle taldea eta bertan parte hartzeko ezinbestekoa izango da eleberria irakurrita izatea.
Noizbait esana du Hassan Blasimek irakiar bakoitzak beldurrezko bost istorio dituela gutxienez kontatzeko. Agian horregatik dago liburu hau kontalariz betea, modu konpultsiboan beren istorioak azaltzen dizkiotenak tabernako ezezagunari, psikiatrari, treneko ausazko bidaideari, irratiko mikrofonoari, datu bila dabilen ikertzai- leari, adiskide eta senide presente edo absenteari.
Ezina dirudienaren gainetik zutuntzen diren ahotsak dira: gizakienak nahiz animalienak, denbora eta espazioaren mugak hautsiz mintzo direnak, bizidunen gorputzak literalki inbaditu eta haien baitatik berba egiten duten hildakoenak, mundu honetan hasitako solasaldia hil ostean jarraitzen duten lagunenak, zoramenaren ertzean bizi direnenak, bizialdi bakar batean bizitza bat baino gehiago bizitzea egokitu zaienenak…
Liburu hau osatzen duten hamahiru ipuinetan Kafka paseatzen da, bideokamera bat hartuta, gerrek eta indarkeriak inarrositako Mila gau eta bat gehiago-ko lurraldetik.
Kristo irakiarrak Erresuma Batuko Independent Foreign Fiction Prize saria irabazi zuen 2014an, ingelesera itzulitako literatur lanik onenari ematen zaiona. Sari hau irabazi duen lehen obra arabiarra eta lehen ipuin bilduma izan zen.
Lanari buruzko zenbait kritika jarraian:
Mikel Ayerberen iritzia Berrian.
Iratxe Retolazaren iritzia Argian.
Ibon EgaƱaren iritzia Deian.