Harkaitz Canorekin du hitzordua irakurle taldeak

Hileroko martxarekin jarraitzen du Galtzaundiko irakurle taldeak eta maiatzean, Harkaitz Cano idazle lasartearra izango da saioko gonbidatua. Ikasturtean zehar, zenbait irakurgai lantzeko, horien egileak ere izaten dira irakurle taldearen hitzorduan eta maiatzaren 22an, 19:00etatik aurrera, Canoren Fakirraren ahotsa lantzeko bilduko dira irakurzaleak Tolosako Kultur Etxean. Berriki, 111 akademiaren saria jaso du Canok eleberri horregatik; aurrez ere 111 Akademiaren saria jasotakoa da idazlea, 2011n ere harentzat izan baitzen irakurleek ematen duten sari hori, Twist eleberriagatik. Anjel Lertxundi eta Ramon Saizarbitoria dira sari hori bi aldiz irabazi duten beste bi idazleak. Twist-ek bezalaxe, gertakari historikoak ditu oinarri Fakirraren ahotsa eleberriak ere.

SINOPSIA

Zer egin dohain bat daukazunean? Erabili, munduari eskaini, eta, trukean, inoren arreta jasotzera ohitu. Horixe egiten du Imanol Lurgainek bere ahotsarekin kantagintza konprometitua besarkatu eta frankismoaren kontra borrokan hasten denean. Garai horretan jasoko du bigarren larru izango duen goitizena: Fakirra.

Baina ahotsa urteekin legez, aldatuz joango da bere ikuspegia, bai eta bidaideekiko harremana ere. Borroka armatua, klandestinitatea, erbeste paristarra…, mundua iraultzen saiatu zen belaunaldi baten erretratua da lau hamarkadatan luzatzen den nobela hau, sortzailearen hauskortasuna, musikaren ahalmen katartikoa, bizitza bohemioa eta denboraren igaro lasterra bezalako gaiei buruzko hausnarketaz betea eta errealitateari maileguan hartutako pasarte eta pertsonaiez josia.

Zuzia irenstean erretzen ez dena da Fakirra; minari eztarrian behera bultzatzen diona. Zer dauka, ordea, esateko? Zein da bere benetako ahotsa?

Hemen irakurgai eleberriari buruzko zenbait kritika eta esteka honetan German Esparzaren erreseina.