Tolosaldeko gazteek 30 kutxa margotu dituzte euskararen aldeko mezuekin

Kaleek ere hitz egiten dute. Hitz egiten dute seinaleek, hitz egiten dute erakusleihoek, kartelek, kamisetek, baita pintadek ere. Gure hitzak geuk esan ezean ez ditu beste inork esango, eta, kantuak dioen bezala, ahaztu egin daitezke, galdu. Horregatik, Galtzaundi Euskara Taldeak animatuta gazteek Tolosaldeko 15 herritako 30 kutxa pintatu dituzte euskararen aldeko aldarriekin, “Gure Hitzak” egitasmoaren baitan.

Urritik apirila bitarte, Tolosaldeko semaforo kutxa guztiak pintatu ditugu herri bakoitzeko gazteekin batera. Galtzaundiko teknikariak herriz herri gazteen dinamizatzaileekin jarri dira harremanetan, eta herrietako gazte-lekuen, aisialdi taldeen eta euskaltzaleen laguntzaz, egin zaie proposamena 13 eta 16 urte bitarteko gazteei. Galtzaundik ezarri du materiala eta diseinua, eta gazteek esaldiak aukeratzeaz gain, egun batez kaleko artista izateko aukera izan dute.

Gazteek aukeratu dituzte esaldiak. Behin esaldiak aukeratuta, esaldiaren egilearen irudiarekin eta esaldiarekin txantiloia osatu du Galtzaundik, eta gazteek moztu dituzte. Material guztia prest egon ostean, kutxa apaintzeko garaia izan da: kutxari hautsak kendu eta ingurua egunkari paperez estali ostean pintaketari ekin zaio. Pintaketak hiru prozesu izan ditu: lehenik eta behin inpresioa eman zaio, kapa zuri bat, ondoren pinturak denbora gehiagoan iraun dezan; behin inpresioa lehortu ostean, horiz edo arrosez pintatu da kaxa osoan; eta, azkenik, oinarri hori ere lehortutakoan, irudia eta letrak pintatzeko unea izan da. Txantiloia kontuz-kontuz kutxaren kontra jarri, kutxa ondo babestu, eta azken kapa beltza eman zaie kutxei. Minutu gutxi batzuk utzi lehortzeko, eta txantiloiak eta zeloak kendu ostean, pintzelekin azken errematea ematea baino ez da falta izan.

Kulturgile gazteak zein dagoeneko gure artean ez daudenak, euskara zuzenean aipatzen dutenak zein mezu inplizituagoa dutenak, zuzenak zein iradokitzaileak, kaxa horien ondotik igarotzean ziur zenbait jenderen begiak kutxetara iltzatu direla, eta balio izan duela zer pentsatua emateko, edo, behintzat, irribarre bat ateratzeko.

Bilatu
« of 2 »

  Deskargatu edukiak