‘Galtzaundi 30 urte’: Inauterietako doinuekin kontzertu berezia emango du Et Incarnatus orkestrak

30 urte betetzen ditu aurten Galtzaundi Euskara Taldeak. Tolosaldean euskara normalizatzeko helburuarekin sortu zen elkartea, eta ekimen askoren bultzatzaile izan ondoren, indartsu eta indarberrituta iritsi da 30 urte betetzera. Urteurren borobilaren bueltan, ekitaldi eta egitasmo ugari antolatzeko asmoa du Galtzaundik 2021. urterako. Urtean zehar, 30 urteko ibilbidean Galtzaundiren babesean sortutako zenbait ekimen ‘berpiztu’ eta gaurkotzea da asmoa, keinu txikien bidez elkartearen orain arteko ibilbidea gogoratzen lagunduko dutenak.

30. urteurreneko ospakizun ekitaldien artean lehena aurkeztu da asteazkenean Tolosako Berdura plazan, Tolosaldeko euskaltzaleen elkarteari izena ematen dion bertsoen idazle Ramos Azkarateren bustoaren begiradapean. Izan ere, Galtzaundi elkarteak, inauterietako pertsonaiaz aurkezterakoan bere burua, Galtzaundiren irudiak darion alaitasuna euskararen inguru baikor batean txertatu nahi izan du urte hauetan. Lanketa asko egin dira Tolosako Iñauterietan euskararen erabilera sustatzeko, bai kanpaina puntualak eta baita kantuen euskarazko letrak zabaltzeko ekimenak.

Aurten inauteriak ospatuko ez direla ikusita ere, Galtzaundik ekitaldi kulturala antolatu du inauterien bueltan, bere izenari men eginez, eta inauterietako musikan euskarak duen garrantzia azpimarratuz. Osasun egoeraren ondorioz festak betiko moduan ospatzea posible ez bada ere, inauterietako kantuekin osatutako kontzertua antolatu da otsailaren 14ean, 12:00etan, Leidorren, ‘Galtzaundi, 30 urte’ izenpean.

Et Incarnatus orkestrak emango du kontzertua, eta musikari eta kantari ezagunen kolaborazio ugari izango dira bertan. Inauteri kutsuko emanaldi berezia izango da, mimoz prestatua, eta betiko kantuak modu desberdinean entzuteko aukera izango dute entzuleek, inauterietako doinuak harizko orkestra batek interpretatuz.

Ekitaldirako sarrerak Galtzaundi Euskara Taldearen egoitzan (Nafarroa etorbidea 6) eskuratu ahal izango dira. Astelehenetik ostiralera egongo dira salgai, goizez 10:00etatik 13:00etara, eta arratsaldez 16:00etatik 19:00etara. Galtzaundiko bazkideek 15 euro ordaindu beharko dute sarrera bakoitza, eta ez direnek 17 euroko prezioan eskuratu ahal izango dituzte sarrerak. 400 lagunentzako aforoa egongo da kontzertuan eta zenbakituak izango dira sarrera guztiak.

SARREREI BURUZKO INFORMAZIOA

Galtzaundi Euskara Taldeak eskerrak eman nahi dizkie EITBri, Tolosako Udalari eta Tolosaldeko Atariari ekitaldia aurrera eramateko beren laguntzarengatik.

Kontzertu berezia

Et Incarnatus orkestrarekin batera, hainbat inauterizalek eta taldek ere parte hartuko dute ikuskizunean. Kantuan Leire Berasaluze, Kristina Aranzabe, Xabier Ormazabal eta Ana Otxoa arituko dira; eta musika alorretik Xabier Berasaluze ‘Leturia’ pandero-jolea, Gorka Benitez saxofoi-jolea eta Incansables txarangak parte hartuko dute orkestrarekin batera.

2005ean ‘Troika’ izeneko proiektua jarri zuen martxan Et Incarnatus orkestrak, diskoa kaleratu eta kontzertu berezia emanez. 2014ean berriz, ‘Troika 2’ izeneko kontzertua eskaini zuen taldeak, inauterietako doinu gehiago orkestrarako egokituz. Oraingo honetan Tolosako Iñauterietako doinu berriak ere gehituko ditu orkestrak errepertoriora, eta lehen aldiz txaranga batekin batera arituko da oholtza gainean.

'Galtzaundi 30 urte': Inauterietako doinuekin kontzertu berezia emango du Et Incarnatus orkestrak 3