Tolosaldeko alkateek eta eskualdeko euskalgintzako erakundeek Espainiako Auzitegi Konstituzionalak euskararen aurka hartutako azken epaia salatu nahi dugu. Izan ere, Auzitegi Konstituzionalak Udal Legearen 6.2 artikulua bertan behera uztearen ondorioz, udalei eskumena kendu zaie beren barne-funtzionamenduan hizkuntzen erabilera arautzeko. 2016an onartutako lege horri esker, udalek aukera dute dokumentuak erabat euskaraz egiteko, eta erabaki horrekin, Auzitegi Konstituzionalak aukera hori deuseztatu du.
Tolosaldeko udal gehienek euskara hutsean funtzionatzen dute, eta aldi berean herritarron hizkuntza eskubideak bermatzen dira. Erabaki honekin, ordea, euskararen normalizazioa helburu duten hizkuntza-politikak aurrera eramateko aukera ukatzen zaie udalei; egoera zaurgarrian dagoen hizkuntza indartzeko neurriak hartzea zailtzen da. Gure eskualdearen kasuan, 28 herrien gehiengoa euskararen arnasgune izanda, babes eta garapen neurri bereziak eta ausartak behar ditugu hizkuntza-politikan.
Tolosaldeko herritar gehien-gehienak euskaldunak gara: eskualdeko biztanleen %75 euskal hiztunak dira, beste %10ek ulertu behintzat egiten dute, eta belaunaldi gazteenak unibertsalizazioaren mugan daude. Horrek Euskal Herriko zonalde euskaldunenen artean jartzen du Tolosaldea, eta egoera horretan, posible da Tolosaldean euskara harremanetarako, gozamenerako eta lanerako hizkuntza nagusia izatea, eta erabateko unibertsalizazioa lortzeko urratsak egitea.
Gure herrietan euskara naturaltasun osoz transmititzen da eta herritarrak euskaraz bizi gara nagusiki; udalen barne-funtzionamendua euskaraz izatea normaltasun horren jarraipena besterik ez da. Beraz, udalek orain arte bezala lanean jarraitzea babesten dugu, herritar, eragile zein erakundeen nahia horixe baita: administrazioan ere euskararen aldeko hizkuntza-politika aurrerakoiak izatea.
Azkenik, euskararen aurkako oldarraldi judizial, politiko edo mediatikoa koxka bat gehiago estutu du azken erabaki honek, oraingo honetan euskararen ofizialtasuna ere auzitan jarriz. Oldarraldi sistemikoa salatzeko eta euskaldunon eskubideak aldarrikatzeko, manifestazio nazionala deitua du Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4rako, Bilbon. Lerro hauen bitartez herritarrei dei egiten diegu manifestazioan parte hartzera. Euskararen aurkako oldarraldiari erantzuteko herritarrok batu eta mobilizatu beharra daukagu.
Adierazpenarekin bat egin duten alkateak eta euskalgintzako eragileak:
- Jon Zubizarreta, Abaltzisketako alkatea.
- Kristina Rodriguez, Adunako alkatea.
- Iñaki Orbegozo, Albizturko alkatea.
- Regina Sorarrain, Alegiako alkatea.
- Iñaki Irazabalbeitia, Alkizako alkatea.
- Xabier Olano, Altzoko alkatea.
- Beatriz Unzue, Amasa-Villabonako alkatea.
- Mikel Arteaga, Amezketako alkatea.
- Egoitz Luisa, Anoetako alkatea.
- Pili Legarra, Asteasuko alkatea.
- Ugaitz Garmendia, Baliarraingo alkatea.
- Iñaki Telleria, Belauntzako alkatea.
- Andoni Zuriarrain, Berastegiko alkatea.
- Aitzol Izquierdo, Berrobiko alkatea.
- Joan Inazio Zinkunegi, Bidania-Goiazko alkatea.
- Oihana Amundarain, Elduaingo alkatea.
- Eider Olazar, Gazteluko alkatea.
- Luis Arana, Hernialdeko alkatea.
- Igor Zapirain, Ibarrako alkatea.
- Alba Garmendia, Ikaztegietako alkatea.
- Gorka Murua, Irurako alkatea.
- Joxe Ramon Eizagirre, Leaburu-Txaramako alkatea.
- Iñaki Azpiroz, Lizartzako alkatea.
- Miguel Angel Arsuaga, Orendaingo alkatea.
- Gurutze Etxezabal, Orexako alkatea.
- Andu Martinez de Rituerto, Tolosako alkatea.
- Maite Amenabar, Zizurkilgo alkatea.
- 28 Kanala.
- Aitzol Udal euskaltegia.
- Aiurri.
- Andoaingo AEK.
- Billabonako Euskal Herrian Euskaraz.
- Galtzaundi Euskara Taldea.
- Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkargunea.
- Larramendi Bazkuna.
- Lizardi Kultur Elkartea.
- Tolosaldeko Ataria.
- UEMA.
2 thoughts on “Euskaraz jarraituko dugu! – Adierazpena”
Comments are closed.