Aurtengo udazkenean egingo da Euskaraldiaren bigarren edizioa. Oraingoan pauso berriak emango dira, norbanakoek ez ezik, mota guztietako entitateek ere neurriak hartuko dituzte euren bazkide, langile edota kideen hizkuntza praktika berriak bultzatzeko. Nobedade hauek aurkezteko, bi hitzordu izan ditu Galtzaundik eskualdeko ikastetxeekin. Lehenengo hitzorduan, eskola txikiei aurkeztu zaie egitasmoa eta bigarrenean, Tolosaldeko eskola eta lanbide heziketa zentroei.
Bigarren edizio honetan, norbanakoen erabaki esparruan aritzetik, taldeetara ere egingo da salto eta entitatearen lana izango da kideei Euskaraldian parte hartzeko bidea ireki eta erraztasunak eskaintzea.Bigarren edizio hau “Euskaraldia: gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin” lelopean garatuko da eta elkarteetan, lantokietan, enpresetan… euskaraz arituko diren belarriprest eta ahobiziz osaturiko taldeak Ariguneak izango dira. Gauzak horrela, entitateek prestaketa pauso batzuk eman beharko dituzte, besteak beste, entitatearen eta kideen egoera aztertu beharko dute nola ekin jakiteko.