Saltokiek aldaketa ugari egiten dizkiete beren erakusleihoei merkealdi garaian. Izan ere, eskaintzak iragartzeko kartelek eta beherapenak adierazteko euskarriek betetzen dituzte denden erakusleihoak urteko bi merkealdi epeetan. Neguko eta udako merkealdi kanpainek kaleetako hizkuntza paisaiari nabarmen eragiten diotela ikusita, Tolosako merkealdietan parte hartzen duten saltokien paisaia linguistikoa aztertzen du Galtzaundi Euskara Taldeak 2015etik aurrera.
2020ko merkealdi kanpainak behatzean aurrerapauso handiak nabaritu dira euskararen presentzian. Hain zuzen, hori, Galtzaundik 2018an hartutako erabakiaren ondorio argia da; 2018tik aurrera saltokiz saltoki urteko jarraipena egiten da eta merkealdi garaian, merkealdietan parte hartzen duten saltokiei UEMAk sortutako materiala eskura jartzen zaie. Tolosako Udalaren babesarekin egiten da lanketa, eta bertako euskara zerbitzuak ere euskaratzen ditu behar diren materialak. Aldi berean, saltokien beharretara egokitutako eskariak ere jasotzen dira, ondoren berriro ere haiengana jo eta kartelak banatuz.
2015etik 2020ra arteko merkealdi sasoiak alderatuz, hauek dira eman diren aurrerapausoak:
- Ordutegiei dagokienez, euskararen presentziak ia 10 puntuko gorakada izan du bost urtetan, euskararen presentzia %90era igoz. Bilakaera positiboa da merkealdietan parte hartzen duten Tolosako saltokiei erreparatuz.
- Aipatzekoa da, 2020ko udako merkealdian, Covid-19aren ingurumarian, askoz ere ageriko idatzi gehiago jarri direnean, euskararen presentziak nabarmen egin duela gora: geroz eta kartel gehiago, orduan eta handiagoa da euskararen presentzia (2020ko udako merkealdietan %90).
- Merkealdiaz ohartarazteko kartel nagusietan euskararen presentzian gorakada nabarmena eman da 2018ko udako sasoitik aurrera, euskararen presentzia ia erakusleiho guztietan bermatuz . Bereziki euskara hutsezko karteletan eman da gorakada, elebidunen eta gazteleraz bakarrik idatzitakoen kaltetan; 10 karteletik 8 euskara hutsean idatzitakoak ziren 2020ko merkealdi kanpainetan.
- Ehunekoak agertzen diren karteletan, euskara edo gaztelania dikotomia bakarrik existitzen da. Bost urteko bilakaerari erreparatuz ikusi daiteke azken hiru merkealdietan iraultza gertatu dela: euskarazko ehunekoak %20 izatetik %60-70 izatera pasa dira, gaztelerakoei beren nagusitasuna kenduz.
2018tik aurrera bereziki landu diren alorretan (merkealdien kartel nagusia eta ehunekoak) gorakada esanguratsua nabaritu da 2020ko behaketetan. Bost urte arteko behaketak ikusiz, esan daiteke 2020ko merkealdietan euskara osasuntsuago agertu dela Tolosako kaleetan, 2015, 2016, 2017 eta 2018an baino. Bereziki merkealdien berri emateko kartel nagusietan eta ehunekoetan emandako goranzko jauziari esker, Tolosako saltokietan lehen aldiz euskara nagusi izan da urteko bi merkealdi kanpainetan.
Amasa-Villabona, Ibarra eta Tolosako lanketen osagarri
Merkealdi garaietan Tolosako saltokien erakusleihoetan euskaraz izandako hobekuntza ez da isolatutako fenomeno bat. Galtzaundi Euskara Taldea besteak beste UEMArekin eta Villabona, Ibarra eta Tolosako Udalekin batera elkarlanean lantzen ari den urtez urteko lanketaren fruituak dira emaitza horiek. Urtero 600dik gora saltoki bisitatzen dituzte Galtzaundiko teknikariek hiru herri horietan, paisaia linguistikoa eta bezeroen harretan euskararen aldeko pausoak emateko baliabide, tresna eta aukerak azaldu eta gomendioak emanez.
Herrian eta euskaraz kontsumitzeko deia herritarrei
Galtzaundi Euskara Taldeak herriko saltokietan eta euskaraz kontsumitzeko deia luzatu nahi die Tolosaldeko herritarrei. Eskualdeko dendak euskararen aldeko pauso etengabeak ematen ari dira eta merkatariak gakoak dira hizkuntzaren garapenerako, tokiko merkatariei esker gure kaleetako paisaia linguistikoan euskarak geroz eta presentzia gehiago du eta. Saltokiek herriko garapenean laguntzen dute eta bistan denez, euskararen garapenean ere bai.
Bertako komertzioek duten balio erantsi garrantzitsuenetakoa da gertutasunarena, eta hori aintzat hartuz, erosketak euskaraz egin ahal izatea ahalbidetzen dute Tolosaldeko dendek. Galtzaundi Euskara Taldetik gogorarazi dute eskualdeko ia saltoki guztietan (%90) dagoela bermatuta euskarazko arreta; beraz, saltokietan ere probableena parekoak euskara ulertzea da Tolosaldean.