Zein da euskaraz eroso hitz egiteko behar duzun testuingurua? Inguruko guztiek euskaraz ondo hitz egiten dutenean, erraz eta natural hitz egin ohi dugu euskaraz; baina zer gertatzen da besteak gazteleraz ari direnean? Eta euskaraz hitz egin arren, gaztelerara dezentetan jotzen baldin badute? Zerk jartzen zaitu deseroso? Zutaz pentsatu dezaketenak kezkatzen al zaitu? Ohartzen al dira hizkuntza dela-eta zu deseroso zaudela? Haiei axola al zaie zuk haietaz zer pentsatu zenezakeen?
Zenbait euskaldunek ez dute jakiten leku bakoitzean zein hizkuntzatan hitz egin behar duten. Euskaraz hitz egin nahiko lukete, haiek printzipioek hala agintzen baitiete; baina, aldi berean, parekoak ez ulertzeko edo gaizki hartzeko beldurra izaten dute. Hizkuntza-estresa deitzen zaio horri, eta garrantzia hartzen ari da azken hamabost urteetan.
Aurten ere euskaldunak ahalduntzeko tailerra jarriko du martxan Galtzaundi Euskaltzaleen Elkarteak. Tailer horietan bakoitzak dituen hizkuntza-estres uneak identifikatzen dira, estresa eragiten duten faktoreak aztertzen dira, eta egoera deseroso horietan lasaiago egoteko norberak eman nahi dituen urratsak zehazten dira. Eduki teorikoak lantzen dira, partaideek momentuan dituzten kezketatik abiatuta.
Ikastaroan izena ematen dutenek haien eguneroko hizkuntza-ohiturak aztertuko dira ikastaroan bertan, eta bakoitzari gertatzen zaionari azalpen teorikoa emango zaio. Hortik abiatuta, bakoitzak bere erritmoa izango du, baina bakoitzak ematen dituen urratsek bestearentzako lagungarri izango dira. Ikastaroan honako gaiak landuko dira besteren artean: hizkuntza-erasoen aurrean nola erantzun, aurreiritziak, hizkuntza-asertibitatea, bi hizkuntzetako elkarrizketak mantendu ahal izateko teknikak, gaztelerara igaro gabe euskaraz komunikatu ahal izateko gakoak, eta, batez ere, nork bere buruari hizkuntza-helburu egokiak jartzea.
Ikastaroa betiko euskal hiztunentzako bezainbeste da euskara ikasten ari direnentzako ere, haiengan ere ohikoa izaten delako hizkuntza-estresa. Taldean zenbat eta aniztasun gehiago egon, orduan eta emankorragoa izan ohi da.
Saioek bi zati izango dituzte: lehen zatian, parte hartzaileek aurreko saiotik izandako gorabeherak aipatuko dituzte, eta astez aste hizkuntza-helburuak doitzen joango dira; eta saioaren bigarren zatian eduki teorikoak landuko dituzte, gertatzen zaiena hobeto ulertzeko.
Sei saioko ikastaroa antolatu du Galtzaundik aurtengoan, Tolosan, Galtzaundiren egoitzan bertan, martxotik maiatzera bitartean, astearteetan, 18:30ean hasita. Ikastaroa martxoaren 25ean hasiko da eta ekainaren 10ean amaituko da (martxoaren 25a, apirilaren 8a, apirilaren 29a, maiatzaren 13a, maiatzaren 27a, eta ekainaren 10a).
Izena emateko aski da honako galdetegia betetzea, eta martxoaren 21ean amaituko da izena emateko epea.