Urriaren 20tik azaroaren 9ra bitartean egongo da Errigorako saskiak eskatzeko aukera. 10 urte igaro dira Errigora abiatu zenetik, Nafarroa hegoaldeko produktuak, Euskal Herrian zehar zabaltzen hasi eta Ager zonaldeko euskalgintzari ekarpena egiteko xedea duen egitasmoa martxan jarri zenetik.
Aurten, saski bakarra osatu dute, originala, biribila eta biderkatzailea. 23 ekoizleren 9 produktu ekologiko eta konbentzional elkarrekin. 5 produktu amankomunak –zainzuriak, piperrak, orburuak, gozo bat eta ardoa– eta beste 4 produktuak gainontzeko ohiko produktuekin osatuta.
2013tik 1.800.000 euro baino gehiago bideratu dituzte, Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskaldunak sortzeko herritik jaiotako egitasmoak sustengatzera. Eta, aldi berean, diru-ekarpen hori sortzeko bidea elikadura-burujabetzara pausuak emateko ere baliatzen dute errigorako kideek.
10 urte bete-bete saskia
Produktuak: 5 produktu amankomunak –zainzuriak, piperrak, orburuak, gozo bat eta ardoa– eta beste 4 produktuak gainontzeko ohiko produktuekin osatuta.
Saskia non jaso
Aurten, Tolosaldeko 21 herrietan egongo da saskiak jasotzeko aukera. Iaz baino 5 herri gehiagotan: Abaltzisketa, Aduna, Alegia, Altzo, Amasa-Villabona, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Berastegi, Berrobi, Gaztelu, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Lizartza, Orendain, Orexa, Tolosa eta Zizurkil.
Saskiak nola eskatu
Eskualdean, saskiak online eskatu beharko dira. Nahi adina saski aukeratu ostean, zure datuak sartu eta saskia jasotzeko gunea aukeratu beharko duzu (gune bakoitzak saskiak jasotzera joateko bere data eta ordutegia izango du).