Errigoraren ‘Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura’ kanpaina martxan da

Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainak, kontsumitzeko erak aldatzeko bide bat proposatu nahi du. Martxoaren 9tik 29ra Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko oliba-olio birjina estra eta kontserba, arroz eta pasta-sortak eskatu ahal izango dira, euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan. Aurten gainera, Errigoraren komunitatearen konpromisoan sakontzeko, Errigora balioak identifikatzen dituen identifikatzaileak jarri dizkiete produktuei. Bertakotasuna, euskara, auzolana eta nekazariekiko harremana ziurtatzen dutenak alegia.

Kanpaina urtean behin egiten da eta, beraz, ideia eskaera handiak egitea da: urtean behin, urte guztirako. Horregatik, olioa 5 litroko bidoietan eskaintzen da eta arroza, pasta eta barazki-kontserbak 12 unitateka. Banaketa, maiatzaren lehen hamabostaldian izango da eta, salbuespenak salbuespen, produktu guztiak aldi berean jasoko dira. Eskaera egiterakoan aukeratu behar da produktuak jasotzeko puntua eta bertan zehaztutako egun eta ordutegian pasa beharko da eskariak jasotzera.

PRODUKTUEN ESKAINTZA IKUSI

Eskualdean inoiz baino eskurago izango dira Errigorako produktuak. Aurten, tolosaldeko 14 herrietan jaso ahalko dira produktuak: Abaltzisketa, Aduna, Alkiza, Amasa-Villabona, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Berastegi, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Orexa, Tolosa eta Zizurkil.

Ordainketa txartel bidez eginez gero, 100 eurotik gorako ordainketak bi zatitan egiteko aukera izango duzu (erdia martxoan eta bigarren zatia apirilean). Hala egiten ez baduzu, dena batera ordaintzeko aukera izango da, eskudirutan, produktuak jasotzean.

Guzti hau auzolanean antolatzen da. Hain zuzen, herriz herri informazioa zabaltzen, eskaerak bideratzen eta produktuak biltegiratu eta banatzen ari direnen lan boluntarioari esker, norbere herrian jaso daitezke produktuak ekoizlearen jatorrizko prezioan. Hau da, olio-errota edo kontserba-etxera joanda ordainduko genukeen prezio berean.

Errigoraren 'Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura' kanpaina martxan da 3