Larunbatean, Lurtaro elkarteko Maddi Sarasola eta Errigora ekimeneko Iker Ajuriagerra izan dira protagonista Jakoba Errekondok gidatu duen Sormenetik saioan. Saioak, sormenari eta euskal kulturari gogoeta egiteko parada paregabe dira eta Sarasolak eta Ajuriagerrak, elikadura burujabetzaren eta beraien esperientzien, ekimenen sorreraren eta proiektuen helburuen inguruan solastu dute bertan.
Lurtaro elkartearen helburuak, Tolosaldea eskualdeko 28 herrietako elikadura beharrak asetzeko ekoizpena modu duin etakolektiboan antolatzea, herritarrei elikadura osasuntsua eskura jartzea, bide horretan heztea eta agroekologiarekiko kontzientzia sozial eta politikoa bultzatzea dira. Lurtaro 2019ko ekainean jaiotako ekimena da, eta 2021ean bihurtu zen elkarte. Bederatzi pertsonak eman zioten hasiera bide horri eta tartean badira kontsumitzaileak, ekoizleak, herri mugimendu ezberdinetako kideak edota erakunde publikoetan esperientziadunak ere.
Errigora, Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da. Nafarroa hegoaldea du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragitea du helburu, eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz. Bi kanpaina bultzatzen ditu urtean zehar Errigorak, eta auzolanari esker, bertako euskalgintzari ekarpen-ekonomiko garrantzitsua egiten zaio, saltzen duten saski bakoitzaren balioaren %25, hain justu.