Tolosako Udalak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin elkarlanean, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina jarri du abian. Hala jakinarazi dute Tolosako Udaletik:
“Kanpaina berri honekin, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskarazkoak izan daitezen bultzatu nahi da. Bide horretan, errenta aitorpena euskaraz eginda euskarari bide berriak irekitzeaz gain, administrazioaren euskalduntzea ere bultzatzen da. Hizkuntzaren normalizazioa lortzeko euskara eremu guztietara hedatu behar da, eta horretarako, garrantzitsua da herritarrek euskaraz osotasunean bizitzeko hautua egitea. Udalerri euskaldunetako herritarrok eredu eta aitzindariak izan gaitezke horretan”.