Euskaraldia ate joka dugu. Azaraoren 23tik abenduaren 3ra bitarte, Euskal Herri osoan Hamaika egunez euskaraz arituko gara, eta euskara entzungo dugu. Ariketa aproposa da Euskaraldiak proposatzen duena, baina hamaika egunetara mugatu ordez, zergatik ez urte osoan mantendu?
Horretara dator aurten ere Mintzalaguna egitasmoa. Eskualdeko mintzalagunek hasi dute ikasturtea, eta inoiz baino indartsuago datoz. Urte osoan zehar, astean behin, ordubetez, euskaraz hitz egitea beste helbururik ez du egitasmo honek. Lagunartean, solasean, elkarri kontuak kontatuz… euskara modu informalean praktikatzeko aukera da paregabea da mintzalaguna.
Etxetik kalera bi jauzitan salto egiteko aukera eskaintzen dute mintzapraktika egitasmoek: etxeko bakardadetik taldeko girora lehendabizi eta, taldeko konplizitateaz, kaleko erabilerara gero.
Mintzalagunak norbere lotsak gainditzen laguntzen du, praktikatuz ikasten delako, pixkanaka. Eta jakina, harreman berriak euskaraz egiteko ere aukera bikaina eskaintzen du.
Beraz, herritar guztiak gonbidatuta daude ekimen honetan parte hartzera; bai euskara praktikatu nahi dutenak eta baita ere, euskara praktikatu nahi duten horiei laguntzeko prest daudenak.
Zergatik eta nola parte hartu?
Ekimen honetan parte hartuz, euskarari eta euskal gizarteari laguntzen diote norbanakoek.
Bidelari izan zaitezke:euskara ikasten ari dena edo euskaraz hitz egiteko zailtasuna duena.
Edo bidelagun:euskaraz dakiena edo euskaldun zaharra, eta euskaraz egin nahi duen horri lagundu nahi dioena.
Egitasmoa hainbat eragilek bultzatzen dute Tolosaldean: Anoetan Udalak eta AEKk; Villabonan eta Zizurkilen bertako udalek; eta Tolosaldeko gainerako herrietan Galtzaundi Euskara Taldeak.
Mintzalagunen sarea zabalduz eta sendotuz doa Euskal Herrian zehar: 6000 pertsonak baino gehiagok osatzen dute, 120 herritan banatuta. Tolosaldean, zehazki, pasa den ikasturtean 80 lagunek hartu zuten parte, 15 taldetan banatuta.
Doako aukera da Mintzalaguna Tolosaldean. Taldeak astelehenetik ostiralera elkartzen dira, goizez edo arratsaldez eta horrenbestez, norberaren ordutegira moldatzeko aukera eskaintzen da.
TOLOSALDEKO MINTZALAGUNA EGITASMOAK:
- ANOETA:
Izena eman nahi dutenek Andoaingo AEK euskaltegian edo Anoetako Udaleko euskara zerbitzuan dute izena emateko aukera. Andoainera deituz (943 591 704) edo idatziz (andoain@aek.eus), edo zuzenean Anoetan (943 651 200/euskara@anoeta.eus).
- VILLABONA:
Villabonan Mintzalagunean izena emateko interesa duenak, Udaleko Euskara zerbitzura deitu (943 692 100, luzapena 329) edo helbide elektroniko honetara bidali beharko du bere mezua: euskara@villabona.eus.
- ZIZURKIL:
Zizurkilgo Udalaren Ernio Bidea 9A behea helbideko udal-bulegoetan eman dezakete izena, baita ere 943 691 012 telefono-zenbakian (4. luzapena) eta bulegoa@zizurkil.eus helbide elektronikoan ere.
- TOLOSA ETA TOLOSALDEA
Tolosan eta Tolosaldeko gainontzeko herrietan Galtzaundi Euskara Taldeak koordinatuko du Mintzalaguna egitasmoa. Izena ematea Galtzaundiren bulegoan egin daiteke (Nafarroa etorbidea 6, Tolosa) edo telefonoz (943 655 004) nahiz e-postaz (galtzaundi@galtzaundi.eus).