Apirilaren 26an egingo du hurrengo saioa Galtzaundik sustatutako irakurle taldeak eta landuko den liburuaren idazlea bertan izango da oraingoan. Izan ere, Nikole izeneko lana izango da apirileko irakurgaia eta liburua lantzeko hitzordura gerturatuko da Edorta Jimenez egilea. Irakurle taldearen saioa 19:00etan hasiko da Tolosako Kultur Etxean eta ohiko moduan Yurre Ugartek dinamizatuko du.
Nikolasa Atxikallende, Sabino Arana Goiriren alarguna, pertsonaia ahaztua, baztertua eta laidoztatua izan da, etsaiek ez ezik, baita hurbilekoek eta ahaideek ere. 2020ko itxialdian haren figura berreskuratu, laudatu, eta haren historia kontatzen jarri da egilea, poesiarik onenaren edertasun lirikoaz eta thriller bizkorrenaren intriga guztiaz.