Apirilaren 17an egingo du hurrengo saioa Galtzaundiren irakurle taldeak. Beti bezala, asteazkenean izango da saioa, 19:00etatik aurrera, Tolosako Kultur Etxean eta oraingoan, Virginia Wolf-en Dalloway Andrea eta Emakumeen lanbideak edo Etxeko Aingerua hiltzea izango da landuko den irakurgaia. Itziar Diez de Ultzurrun eta Ana I. Morales dira liburua euskarara itzuli dutenak. Saio Yurre Ugartek dinamizatuko du eta parte hartzea guztiz irekia da.
Pertsonaia bakoitzaren denboren eta pentsamenduen bidezidorretatik atzera eta aurrera eginez, eta elkarrekin nahastuz, guztientzat bera izan arren guztiek ezberdin bizi duten garai eta leku bat aurkezteko lan izugarria egin zuen Woolfek. Ingelesez 1920ko hamarkadatik gure egunetara idatzi diren nobela onenetakoen artean kokatu izan dute orain Itziar Diez de Ultzurrunek euskarara itzuli duen Dalloway andrea hau. 1925ean zargitaratua, modernismoaren obra garrantzitsuenetako bat da. Liburu honetan, gainera, Woolfen beraren Emakumeen lanbideak edo Etxeko Aingerua hiltzeahitzaldiaren itzulpena ere eman du Argitaletxea Edo!-k. Ana I. Moralesek itzuli du azken lan hori, eta Moralesek berak egin du liburuaren hitzostea ere, agerian utziz emakumezkoak kate motzean lotzen dituen rolaren irudi bera direla Clarissa Dalloway zein Etxeko Aingerua: «Etxeko Aingeruaren mamua izango litzateke emakumeek barneratutako balio patriarkalen sistema, oharkabean autozentsura ezartzen ziena, diena, gizarte patriarkal horretan onartuak eta arrakastatsuak izatearen truke». Diez de Ultzurrunen eta Moralesen itzulpenak nazioarteko literaturaren obrarik garrantzitsuenetako bat ekarri dute euskarara, finezia handiz; nobelak, hitzaldiak eta hitzosteak elkar osatzen dute, Woolfen kezka estetiko, etiko eta politikoei buruzko irudi osoa eskainiz irakurleari.
Liburua esteka honetan deskargatu daiteke PDF formatuan.
Liburuari buruzko zenbait erreferentzia hemen.