Goizane Aizpurua idazlearen bisitaren ondoren, ohiko saioekin jarraituko du martxoan Galtzaundiren irakurle taldeak. Hurrengo hitzordua martxoaren 22an izango da, 19:00etan, eta Tolosako Kultur Etxean egingo da. Oraingoan, Uxue Apaolaza idazle hernaniarraren Bihurguneko nasa eleberria izango da irakurgaia eta Yurre Ugarte izango da saioko dinamizatzailea.
Hamar urte geroago Madrilgo eguzkipean Juan, Josetxo, Fer eta Estebanekin elkartuko da Lur. Elkar barkatzen duen lagunarte bat, elkarbanatutakoaz nork bere kontakizuna gordeko duen arren. Zeru horrexek egiten die aterpe liburu hau osatzen duten bederatzi narrazioei, non azalduko diren trenbide ondoko prozesionariak, manoletinekin ibiltzearen urradurak, lo den haurra hilko balitz zer galdetzen duten hizketa gurutzatuak, bulegoetako estoldak eta ke arrosa. Kondizio sozialaren konkrezioez, elkartasunaren, lehiaren eta karitatearen artekoez, arrotzaren aurreko izuaz zein dantza-gogoaz, familia loturez, beldurraz eta epikaz —arrosaz zein klase ertainarenaz— ari dira Uxue Apaolazaren ipuinok. Ironiaz zorroztu ditu egileak, euri xeheak bezala leun baina osorik blaitzen duen eguneroko indarkeria sarri antzemanezina atzemanez.