Beste idazle baten bisita jasoko du Galtzaundiren irakurle taldeak martxoko saioan. Otsailean Juan Luis Zabalarekin eta martxoan Maixa Zugasti egon ostean, Eider Rodriguez idazle errenteriarraren txanda izango da hurrengoa. Saioa ekainaren 20an, asteazkena, izango da Tolosako Kultur Etxean eta Bihotz handiegia eleberria izango da hizpide. Honenbestez, liburua irakurri dutenek iritziak partekatzeko aukera izango dute 19:00etatik aurrera. Ohiko moduan, Yurre Ugartek dinamizatuko du irakurle taldea.
Ez du batere gogorik senar ohia zaintzera joateko, baina alabak hala eskatu dio eta gizonari bizialdi laburra geratzen zaionez, ahalegin txiki bat egin behar luke agian. Liburu honi izenburua ematen dion kontakizun luzeena eta lehendabizikoa da “Bihotz handiegia”, garai baten amaierari buruz diharduena, maitasunaren hondakinez.
Arroztasun sentipena dute Eider Rodriguezen sei ipuinetako pertsonaiek: nolakoa izaten ari da bikote bizitza hau, zein desio ote ditu auzokide perfektuak, nor bihurtu gara sute ikaragarriaren ondoren, ginekologoak erakutsiko al dit nolakoa naizen barrutik, zer espero zuten izango nintzela, norenak dira esku hauek.
Konplexuak eta arruntak dira aldi berean hemengo bizilagunak, jarrera ideologikoaren eta irrika eutsiezinaren arteko lehian dabiltzanak batzuetan, zalantzati edo kontraesanean, baina gorabeherei beti aurre egiten.
Liburuari buruzko zenbait erreferentzia hemen.