Bidea hasten den tokian amaituko da hitzaldi zikloa

Orexan egingo den saiorekin amaituko da eskualdeko herrietan zehar bost hilabetez martxan izan den ‘Euskaraz bizi a(ha)l gara?’ hitzaldi zikloa. 27. hitzaldia izango da Orexakoa; guztira, eskualdeko 26 herri igaro ditu zikloak, hainbatetan UEMAko kideen laguntzaz ere bai. Orexako hitzaldia ostiralean izango da, ekainak 1, 21:30etatik aurrera udaletxeko ganbaran. Ohiko moduan, bi galdera formulatuz herriko eta eskualdeko euskararen egoerari buruz hausnartzea izango da saioaren helburu nagusia: Posible al da gure inguruan euskaraz bizitzea? Euskaraz bizi al gara?

Bi galdera horiek erantzuteko asmoz, euskarak Tolosaldean eta gure herrietan duen egoeraz hitz egingo dute Galtzaundiko eta UEMAko kideek. Hitzaldian bertan, Hizkuntza Erabileraren Kale-Neurketak eskualde mailan eta herriz herri emandako azken emaitzak azalduko dira eta 2018an martxan jarriko den Euskaraldia egitasmoari buruzko xehetasunak ere aipatuko dira.

OREXA

Eguna: Ekainak 1, ostirala

Ordua: 21:30

Lekua: Udaletxeko ganbara