Aurtengo Herri Urrats ez da ohikoa izan eguraldiaren ondorioz. Hori dela eta, egoerak nahasmendua eta zalantzak sortu zituen, eta Galtzaundik antolatu zituen lau autobusetatik bi bakarrik joan ziren Senperera. Aldi berean, Herri Urrats normaltasunez ez ospatzeak galera ekonomikoa sortu dio ekitaldiaren antolakuntzari.
Hori ikusita, Senperera joateko autobusean izena eman, baina gero joan ez zirenei, dirua bueltan jasotzeko aukera ematea erabaki zuen Galtzaundik. Hortik sortu zitekeen irabaziarekin zer egin asmo zuen adierazi zuen elkarteak: Herri Urrats normaltasunez ez ospatzeak sortutako galera ekonomikoari aurre egitera bideratzea, autobuseko dirua bueltan ez jasotzearen eta autobusen antolakuntzaren ondorioz izandako irabazi guztiak. Diru jasotzeko epea igarota, bi autobus joan direnez 1.004 euroko irabazia izan du elkarteak eta Herri Urratsi emango dio kopuru hori Galtzaundik. Lerro hauen bitartez, Galtzaundi Euskara Taldeak eskerrak eman nahi dizkie autobusean izena eman eta gero, dirua ekimenaren galera ekonomikoetara bideratzea erabaki duten euskaltzaleei.