Euskarak bizitzako alor guztiak behar ditu aurrera egiteko eta zalantzarik gabe, lan munduak berebiziko garrantzia du horretan. Anoetak eta Irurak herri izaera euskalduna dute eta jakina da bertako enpresa kopurua handia dela. Bi herri horietako enpresetan euskararen presentzia areagotzeko asmoarekin, hamabi urtetako lana burutu dute Galtzaundi Euskara Taldeak eta Anoetako eta Irurako udaletako euskara zerbitzuek elkarlanean. 2008tik 2020ra arte, 74 enpresetan egin da euskara sustatzeko lana.
Urtero bi herrietako hamar-bat enpresekin lan egin da euskara indartzeko eta lanketarako enpresak ez dira zoriz aukeratuak izan. Kontuan hartu da enpresa guztiak ezaugarri antzekoak izatea: 50 langile baino gutxiago izatea eta euskararen erabilera areagotzeko programa zehatzik edo ziurtagiririk ez izatea. Enpresei proposamenaren berri eman ondoren, batzuk egitasmoari bide ematea erabaki dute eta beste batzuk ez. Anoetako eta Irurako udalek sustatuta eta Galtzaundiko teknikarien bitartez, hizkuntza paisaian eta idatzizko eta ahozko barne zein kanpo harremanetan eragin nahi izan da.
Urte hauetako prozesuan ikusi da enpresen ahozko eta eguneroko funtzionamendua euskalduna dela, baina enpresek sarri ez dutela irudi hori ematen kanpotik. Eta horretan, kontzientziazio lan handia egin da, sarri ez baitira kontziente beraien izaera linguistikoa ez dutela kanpora islatzen. Euskararen normalizazioan eragiteko, konpromisoak betetzeko eskakizuna lantzeaz gain, Udalak eskainitako itzulpen zerbitzuaren eskaintza ere burutu da. Zubi lanari esker, zerbitzuaren erabilera areagotzea lortu da eta zalantzak argitzeko bideak erraztu dira. Adierazgarria izan da, enpresa batzuen kasuan, borondate osoz, aldez aurretik zehaztuta zeuden aldagai batzuk euskaldundu izana: marka edo izena edota errotulazioa, esaterako. Enpresa batzuk nahikoa izan dute bultzada txiki bat pauso esanguratsuak emateko.
Mugak ere begi bistan
Burututako bisitetan, ordea, oztopo eta mugak ere aurkitu dira. Izan ere, azken urte hauetan, krisiak gogor jo du lan munduan eta euskararen normalizazioan inbertitzeko dirua falta dela agerian gelditu da. Aldi berean, esku-hartzea mugatu duten elementuekin ere aurkitu da egitasmoa: enpresa batzuk, Euskal Herritik kanpoko bezeroak dituzte eta beste erdaratan lan egiten dute. Oztopoak oztopo, Anoetako eta Irurako enpresek aurrerapausoak eman dituzte urte hauetan. Bakoitzak bere inplikazio mailan, baina era eraginkorrean adostuta hartu dituzte konpromisoak.
Lan munduaren gaia, eskualdeko perspektiban
Bigarren sektorean euskararen egoera lantzeko beharra identifikatua dute Tolosaldeko euskalgintzako eragileek. Beraz, Anoetako eta Irurako lanketa berezitua eskualdeko estrategia bateratuarekin koordinatzeko asmoa dago hemendik aurrera. Horrenbestez, Tolosaldeko Euskararen Mahaiak jarritako helburuen baitan landuko den ekintza planaren bitartez garatuko dira bigarren sektorean euskara indartzeko lanketak hemendik aurrera.
EGITASMOAN PARTE HARTUTAKO ENPRESEN ZERRENDA:
Anoeta:
Aketegi pentsuak, Anoeta karrozeria, Arbaraitz banaketak, Arrospide tailerrak, Aukeran altzariak, Aukeran sukaldeak, Auto-garbiketa, Autoberri tailerrak, Azpiazu Moreno bizitegia, Benta Aldea ardo biltegia, Bizkor System, Enelur, Ergoien SEAT, First Stop SEAT, Focus argazkigintza, FurgoKoodi, Geuk, Goya okelak, Gurdi kooperatiba, Gurutze autoak, Ibarra autoen hornikuntza, IBK bizikletak, Irovi SA Citroen, Itxasi komertziala, Jamai Technical Services, Lanbroa gourmet, Latz tresnak, Mapi grabatuak, Maquinados y Montajes SA, OpelGiauto, Oria elektrizitatea, Peru SL, Rali neurmatikoak, Tarte, Zuriarrain iturgintza.
Irura:
Alonso burdin eta metalak, Alonso txatarreria, Arrese anaiak – talleres Laskibar, Atari aroztegia, Auto Labaka, Aztaka 4×4 (Mendi), Basolur, Bat garajea, Desacristal, Egimendi, Eki Irazusta ferraketa, Elektrolan, Eskalarsa, Euskal Harria, Gazpi Irura, Ibai Ondo auto-garbiketa, Idra nordikoak, Ilunki, Ipar auto tailerrak, Iraola galdarategia, Iru gruas y volquetes, Irudi, Irura urdaitegia, Iturle taldea, Maritxalar iturgintza, Mikelan, Redline mekanika, San Miguel garraioak, Sobresil, Tolosa marmolak, Tximist elektrizitatea, Urak, Urkola fruituak, Uzturre igeltseritza, Ventaki leihoak, Vicente errotuluak, Xingola, Zubelzu.